Leitzako autobus zerbitzua indartzeko neurriak «aurrerapausotzat» jo ditu Leitzako Udalak baina «zerbitzu zabalagoa» eskatu du

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 30a, 15:00

Behin-behinean bada ere, uztailetik aurrera, Leitzako autobus garraio publikoa hobetzeko zerbitzu gehiago iragarri ditu Nafarroako Gobernuak. Astelehenetik larunbatera autobus gehiago izanen dira, eta igande eta jai-egunetan ere zerbitzua izanen da. Neurriak «ongi-etorriak» direla adierazi du Leitzako Udalak, baina gogoratu du «zerbitzu berria esleitu behar dela, zerbitzu zabalagoa eta ordutegi egokiagoak behar ditugulako».

Mikel Zabaleta Leitzako alkatea Berta Miranda Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusiarekin eta Leizaran eta Conda autobus konpainietako ordezkariekin bildu zen atzo goizean Iruñean. Horren ondotik aurreratu zuten uztailetik aurrera autobus garraioa indartuko dutela Leitzan. Orain arte, Iruñea-Donostia bidea egin izan duen Condak debekatua zuen Leitzan bidaiariak hartzea edo uztea, baina debeku hori alde batera utzita, bihartik aurrera leitzarrek autobus gehiago izanen dituzte aukeran.

Iruñetik Leitzara

Gaur egun, astelehenetik larunbatera, Iruñetik Leitzara bi autobus izaten dira eta asteburuetan ez da zerbitzurik izaten. Uztailean sartuta, ordea, astelehenetik larunbatera, Iruñetik 08:30ean, 13:00etan, 18:00etan eta 20:00etan aterako dira Leitzara doazen autobusak. Horrez gain, abuztuaren 31ra arte, astelehenetik ostiralera 15:30ean beste autobus bat aterako da. Igande eta jai-egunetan, berriz, 08:30ean eta 20:00etan aterako dira Iruñetik Leitzarako autobusak.

Leitzatik Iruñera

Leitzatik Iruñera joateko zerbitzua ere zabalduko dute. Orain arte, astelehenetik ostiralera 07:50ean eta 15:30ean atera izan dira Leitzatik autobusak, eta larunbatetan 09:00etan eta 15:00etan. Bihartik aurrera, horiez gain, 11:10ean eta 21:40ean beste bi autobus aterako dira, eta zerbitzua igandetan ere emanen dute.

Zerbitzua berritzeko beharra

«Behin-behineko neurriak dira eta zerbitzua berritzeko beharrak hor jarraitzen du»

Mikel ZABALETA, Leitzako alkatea

Neurri horiekin «pozik» agertu da Leitzako alkatea. «Ongi-etorriak direla eta eskertzen ditugula» adierazi du, baina «behin-behineko neurriak» direla gogoratu du, eta «zerbitzua berritzeko beharrak hor jarraitzen duela» gaineratu du. Halaxe adierazi zuen atzo Nafarroako Parlamentuan egindako lan-saioan.

Zabaletak TTIPI-TTAPAri azaldu dionez, «2012an zerbitzua iraungia gelditu zen eta 2015ean zerbitzu berria diseinatzen hasi ziren». Geroztik «bilera eta ekarpen asko» egin dituztela gaineratu du. «2018an zerbitzu berria aurkeztu zuten eta horretan oraingoak baino egokiagoak diren maiztasun eta ordutegiak ageri dira, eta hori da martxan jartzeko eskatzen duguna». Hori luzerako izanen dela ikusita adostu zituzten atzo behin-behineko neurriak eta «ongi-etorriak» diren arren, «zerbitzu berria esleipenera ateratzea eskatzen dugu, zerbitzu zabalagoa eta ordutegi aldetik egokiagoa behar ditugulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun