Leitzaldeko garraio publikoa «zaharkitua, eskasa eta desegokia» dela salatu du Parlamentuan Leitzako alkateak

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 29a, 18:22

Leitzako alkateak, Mikel Zabaletak, herrian duten garraio zerbitzua «zaharkitua, eskasa eta desegokia» dela salatu du gaur Nafarroako Parlamentuan egin duten agerraldian. Leitzatik kanpo «lanera, medikura edo bestelako kudeaketak egitera» joan behar duen jendeak ezin duela hori erabili nabarmendu du: «azken hamarkadetan ez da hobekuntza nabarmenik egon eta horrek herritarrak garraio pribatua erabiltzera behartzen ditu».

Adineko jendeak eta gidabaimenik ez dutenak ekarri ditu gogora eta «ikuspegi publikotik egokia ez den zerbitzu batean dirua gastatzen ari garela» adierazi du. Horrekin batera, Zabaletaren ustez, garraio zerbitzu hori, berdintasunaren, aldaketaren klimatikoaren eta despopulazioaren kontrako estrategien «aurkako eredua» da. Hortaz, parlamentuari «Gobernuari herritarrentzat oinarrizkoa eta beharrezkoa den garraio zerbitzua berritzeko» galdegin diote, «beharrezkoak diren neurriak» hartuz.

Leitzako herritarrak Nafarroako Parlamentuaren aurrera eraman dute aldarria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun