Joxan RUIZ

«Etxebizitzen eskaera handia da, baina ez dago eskaintzarik»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 26a, 10:15

Argazkia: Kronika.eus.

Joxan RUIZ, Aranoko alkatea

Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera, Arano da eskualdean hutsik dauden eta bigarren etxebizitza gehien duen herria: % 66,9koa da portzentajea. Joxan Ruiz alkateak, ordea, argi utzi nahi izan du, «erabat hutsik daudenak oso-oso gutxi direla». Dioenez, «bigarren bizitzak dira eta gehienak Aranon sortu arren kanpoan bizi direnenak. Sorterriarekin lotura handia mantentzen dute eta astebururo eta oporraldi guztietan etortzen dira, baita egonaldi luzeagoak egitera ere». 

Gisa berean, «mugan egotearen ondorioz, herrian bizi baina Gipuzkoan erroldatutakoak ere badirela» kontatu du: «lanagatik, osasun zerbitzuengatik, dirulaguntzak jasotzeko... Nahiago genuke Aranon erroldatuak baleude, baina horretarako zerbitzuak bermatu behar dira». 

Eskaintzarik ez

Ruizen hitzetan, «datua ikusita badirudi herria bizilagunik gabe dagoela, baina nahiz eta bigarren bizitzak izan, erabilera duten etxeak dira». Beheko Herria auzoko kasua jarri du adibidetzat: «14 etxebizitza daude. Horietatik lautan Aranon erroldatukoak bizi dira, beste batean erroldatu gabekoak eta gainerako bederatzietan asteburuetan etortzen direnak dira».

«Ez dago etxebizitzarik ez alokatzeko, ez saltzeko»

Areago, etxebizitza hutsak baino, «kontrako arazoa» omen dute. «Etxebizitzen eskaera handia da, baina ez dago eskaintzarik, ez alokatzeko, ez saltzeko. Ez da jendeak ez duela alokatu nahi, arazoa etxebizitza falta da». Horren harira, zerbait egiteko beharra nabarmendu du: «Gure seme-alabak bertan geratzea nahi badugu, ezinbestekoa da etxebizitza plan bat garatzea. Bestela, duela zenbait urte gertatu zena errepika daiteke. 18-40 urteko belaunaldirik ez dugu, garai hartan gazteak herritik kanpo joan zirelako». 

Hori dute, hain zuzen, erronketako bat: «etxebizitzen gaia lantzea». Baina ez bakarra:«industrialdea berpiztu eta herrian lanpostuak sortzea» ere garrantzitsua iruditzen zaio.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun