Unai MIRANDA

«Goizuetan bizitzeko aukerak eman nahi ditugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 26a, 10:00

Argazkia: Kronika.eus.

Unai MIRANDA, Goizuetako alkatea

Goizuetako Udalari ere «kezka» sortzen dio etxebizitza huts eta bigarren etxebizitza kopuruak, baina Unai Miranda alkatea «gehienak bigarren etxebizitzak» direlakoan dago: «honek adierazten du, goizuetarrek, nahiz eta bertan ez bizi, herriarekin lotura mantendu nahi dutela». Hori «ona» dela dio, «baina asteburuetara eta jaiegunetara mugatu gabe, lotura egunerokoa izatea nahi dugu».

Hutsik dauden eraikin batzuk udalarenak dira Goizuetan eta horiei erabilgarritasuna eman nahi diete. «Agintaldi honetan udal eraikinei irtenbide bat eman nahi geniekeela» aitortu du alkateak. «Udalak Nafarroako Parlamentura eta Nafarroako Gobernuko hainbat departamentutara  jo du, besteak beste, udal eraikinak alokairura bideratzeko elkarlana eta laguntza eskatuz». Etxebizitza hutsak betetzeko nahiak erakarrita, udala Alokairu Poltsa Programan ere sartu da. Baina hori baino gehiago beharko dutelakoan dago Miranda, «2017an etxebizitza beharren inguruan egin genuen galdetegian, goizuetarren kopuru baten nahia etxebizitza jabetzan edukitzea zela» ikusi baitzuten. 

Etxejabe partikularrei

Goizuetako Udalaren egitasmoez harago, partikularren arduraz aritu da Miranda. «Etxe huts gehienak oinordetzan jasotakoak dira, oinordekoak bertan bizitzeko interesik ez eta hutsik geratu direnak». Kasu horietan «erantzukizuna jabetza pribatuarena» dela dio: «ezin dugu inor behartu etxe bat saltzera edo alokatzera, baina egoera zein den azaleratu behar dugu, eta bakoitzak bere esku dagoena egin beharko genuke etxe hutsen arazoari irtenbidea emateko. Hauetako batzuk salgai daude azken urteetan, eta ez saltzeko arrazoia gehiegizko salneurria izan daiteke». Ez hori bakarrik: «Gipuzkoaren gertutasunak eta hango prezioek kalte egiten digutela uste dut...». 

«Gipuzkoaren gertutasunak eta hango prezioek kalte egiten digutela uste dut...»

Baserriekin arazoa are handiagoa omen da: «Herrigunean etxe hutsak  betetzea arazo bada, zer esan baserrien kasuan. Lurralde antolaketa eta hirigintzako foru legeak muga eta oztopo asko ditu baserri bat birgaitu eta bertan bizitzeko. Adibidez, baserri batean gehienez bi bizitza egin daitezke, eta jabeek senitartekoak izan behar dute». Hala, «despopulazio egoeran gauden herrietan neurriak malgutzen saiatu» nahi dute.

Izan ere, despopulazioa da Goizuetaren «erronka nagusietako bat» eta horri aurre egiteko «etxebizitzak gakoetako bat» dira alkatearentzat. «Goizuetan bizi nahi duen herritar eta kanpotar orori bertan bizitzeko aukera eman nahi diogu» eta «populazioa finkatzeko aukera guztiak aztertu eta landu» nahi dituzte: «alokairua, salmenta, etxebizitza publikoak, pribatuak...». «Eredu guztiak baliagarriak» direla sinetsita, «udala bere esku dagoen guztia egiteko prest dago».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun