Mikel ZABALETA

«Leitzan, hutsik dauden etxebizitzak ez daude erabilgarri»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 26a, 09:30

Mikel ZABALETA, Leitzako alkatea

Leitzako Udalarentzat «kezka» iturri da etxebizitza hutsen gaia, eta «bereziki alokairuen kontua». Halaxe aitortu du Mikel Zabaleta alkateak. Azaldu digunez, «herrian badaude hutsik dauden pisuak, baina horrek ez du esan nahi erabilgarri daudenik. Gazteek pisuak alokairuan hartzeko edo erosteko ez dute erraztasunik». Are gehiago, «momentu honetan Leitzan etxebizitza eskuratzea orain dela urte batzuk baino zailagoa da».

Leitzan alokairuen arazoa

«Etxebizitzen gaia herriaren biziraupenari eta garapenari lotutako gai estrategikoa» dela iruditzen zaio Zabaletari, eta «heldu beharreko gaia» dela dio. Aurreko agintaldian helburu horrekin sinatu zuen udalak Nasuvinsarekin hitzarmena, gobernuaren Alokairu Poltsa Programan sartu eta etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko. «Baina ez du espero genuen eragina izan». Alkatearen irudiko, «planteatzen diren politikak ez dira egokiak»: «Nasuvinsak definitutako baldintzak lurralde bakoitzeko ezaugarrietara egokitu behar dira». Eta horrez gain, «mentalitate kontua» aipatu du: «herrietan alokairua ez da oso ohikoa, eta etxejabeen artean alokatzeko sumatzen den mesfidantza uxatzeko, baldintza egokiagoak jarri behar lituzke administrazioak».

«Lanketa sakon baten beharra dago, bai administrazioaren baita herritarren aldetik ere»

Hori bai, garbi du egoeraren erantzuleak ez direla etxejabe partikularrak: «ez dut uste errudunik dagoenik eta are gutxiago jabea denik. Zuzendu eta landu beharreko faktore asko daude». Horregatik, «lanketa sakon baten beharra» nabarmendu du, «bai administrazioaren baita herritarren aldetik ere. Denok dugu zeresana». 

Leitzako Udalaren erronkak

Etxebizitzen gaiari lotuta, «gazteentzako etxebizitzak eskuragarriago izatea» eta «herrietako garapenari ongi egokitutako planak garatzea» dira Zabaletak begiz jotako erronkak. Eta momentuan hutsuneak ikusi arren, etorkizunari itxaropentsu begiratzen dio: «etxebizitzak eraikitzeko promozio berriak daude eta babes ofizialeko etxe batzuk ere eraikitzen ari dira. Etorkizun hurbilean etxebizitza gehiago izanen dira erabilgarri eta aukera gehiago sortuko dira. Neurriak hartu eta hori aprobetxatu behar dugu».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun