MAITANE SAROBE OLAETXEA

«Finala estua izanen da baina txapela Aranora eramateko gogoz nago»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 17a, 16:00
Maitane Sarobe aranoarrak Goizuetako pala txapelketa irabazi nahi du larunbatean, Uxuri Perurena goizuetarrarekin

Maitane SAROBE OLAETXEA, Aranoko palista.

Urteotan txapel ugari jantzi ditu Sarobek palan, eta beste bat irabazten saiatuko da larunbat honetan Goizuetako pala txapelketako finalean. Finala «oso-oso lehiatua» izatea espero du Aranoko pilotariak.

«Betitik» egin du kirola Maitane Sarobe Olaetxeak (Arano, 1987), eta denborarekin mendia eta pala bihurtu dira bere bi kirol kuttunak. Alde batetik, «baserrian jaio izanak eta naturarekin harreman estua edukitzeak» mendirako zaletasuna bere egiteko aukera eman dio. Eta bestetik, haurra zela «eskolan eta herriko plazan beti esku-pilota edo pala ikustea» nahikoa izan zen berak ere bide hori aukeratzeko. Areago, «ongi moldatzen» zela ikusteak jarraitzeko bide eman dio. Esku-pilotan izan zen aurrena eta «lehiatzen segitu ahal izateko» palaren aldeko hautua egin zuen gero.

Gaur egun, sorterrik urruti bizi da, Zalduondon (Araba), «Aratz eta Aizkorri mendian babesean», baina palarekin berdin jarraitu du. Urteetan federazioko txapelketetan lehian ibili ondoren, «orain dela lau urte federatu moduan palan entrenatzeari utzi nion». eta gaur egun, «Zalduondoko frontoian, lagunartean, ordubeteko saiotxo bat egiten dugu. Hurrengo urtean, Araian entrenatzeko asmoa daukat».

Dena den, azken boladan sorterritik hurbilago aritu da palan, Uxuri Perurena goizuetarrarekin bikotea osatuz, Goizuetako I. Pala Txapelketan, hain zuzen. Baita gustura ibili ere: «pilota trinkoarekin jokatu gabe denbora asko neramala, bikotea ezagutzen ez nuela eta ni atzelaria baina aurrean ibili naizela kontuan hartuz, arrunt gustura ibili naiz». Are gehiago, finalerako txartela lortu du eta larunbatean, hilaren 19an, jokatuko duen finalean jarria du begia. Naroa Zugarramurdi eta Mirari Etxegia goizuetarrak izanen dituzte kontrario eta finala «oso-oso lehiatua» izatea espero du: «Etxegia aurretik ezaguna dut, badakit nola jokatzen duen eta irabazteko lan handia edukiko dugu. Txapelketan, beraien aurka, 19-20 galdu genuen». Hala ere, Zarauzko, Donostiako Trinitateko eta Aranoko txapelak jantzi ondoren, horixe izanen du jomuga Goizuetan: «txapela Aranora eramateko gogotsu nago».

 

Txapela baino gehiago

Txapelketatik harago doa palaren bueltan sentitzen duena. «Lasaitasuna ematen dit, palan jolasten disfrutatu egiten dut, bizitza da». Bereziki «herrietako txapelketetan» gozatu izan du. «Federazioko txapelketetan arrunt urduri jartzen nintzen. Presio handia sentitzen nuen eta ez nuen asko disfrutatzen».

Emakumezkoen pilotaz ere mintzatu da eta urteotan lortu duen ikusgarritasunaren harira, «izugarrizko poza» sentitzen duela adierazi du: «atzetik esfortzu eta lan ikaragarria dago eta benetan zoriontzekoa da buru-belarri lanean dabilen jende guztiaren lana». Aurrerapauso «handiak» eman direlakoan dago: «Oraindik asko dago egiteko baina neska gazte asko heldu dira gogotsu eta indartsu, eta beraz, aurrera!». Bide beretik ikusten du palaren etorkizuna: «neska asko ibiltzen dira palan. Nik Hernaniko egoera ezagutzen dut eta aparteko kalitatea duten neskak daude. Tamalez, ezin da horretatik bizi eta ekonomikoki familiek sakrifizio handia egin behar dute».

 

Arano bihotzean

Pala kontuak alde batera utzita, «tarteka kultur ekitaldietara joatea» gustatzen zaiola ere aitortu du eta baratzean ordu asko pasatzen omen ditu: «goizean lanera joan –elektromekaniko muntatzailea da– eta arratsaldean paseotxoren bat ematea, lagunekin zeozer hartzea eta baratzean aritzea» gustatzen zaio. Azken boladan baratzean «buru-belarri» dabilela dio: «Arrunt gustuko dut, asko disfrutatzen dut».

Gainerakoan, hain maitea duen Suro auzoan bizi ez bada ere, agerian gelditu da «Añarbe urtegia aurrean duen, inguruan mendi zoragarriak eta erreka dituen, eta lainorik ez dagoenean itsasoa ikus daitekeen» herriko bere txoko maiteena bihotzean daramala. Herriarekiko maitasunak bultzatuta zinegotzi ere ibili zen duela zenbait urte, baina ez zen hain erraza izan: «hasieran gogotsu hasi nintzen, baina denbora aurrera joan ahala, neketsua» egin zitzaion: «denbora bat dedikatu behar diozu, jendearen nahi guztiak betetzea ezinezkoa da eta hori eramatea zaila egin zitzaidan».

Hortik aparte, «herri txikiaren xarmak, bertako jendeak eta inauteriek» egiten dute bere ustez Arano berezi, eta «herri txikia bada ere, bertan bizitzeko toki zoragarria» iruditzen zaio: «Une honetan ume asko daude eta poza handia ematen du, herriari bizitasun handia ematen diote. Baina etxe hutsik ez dago eta bizitzen geratu nahi badute, zailtasun handiak dauzkate».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun