35 urteko gizonezko bat desagertu da Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 15a, 11:21

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak atzo arratsaldeaz geroztik falta den 35 urteko leitzar baten bila dabiltza. Itxura denez, Ixkibarko itzulia egitera atera zen, Leitzalarrean barrena, eta anaiak gauean eman zuen abisua, 22:00etan gaueko txanda egitera lanera joan ez zela ikusi zuenean.

Nafarroako Gobernuak zabaldu duenez, desagertutako 35 urteko gizonezkoak maiz egiten zuen itzulia zen atzokoa, Ixkibarko itzulia, herrigunetik zortzi kilometrotara dagoen parajean. Anaiak eman zuen larrialdi zerbitzuetan abisua, 22:00etan lanera agertu ez zenean. Gaueko lehenbiziko orduetan bere autoa Ixkibarko aparkalekuan aurkitu zuten, eta 23:00 aldera hasi zituzten bilaketa lanak Leitzako suhiltzaile boluntarioek eta Cordovillako eta Erreskate Teknikoko suhiltzaileek, foruzainek, Salbamenduko Txakur Taldeko boluntarioek eta Leitzako senideek eta herritarrek. Gau osoan aritu dira bilaketa lanetan, baina ez dute aurkitu eta goizean, 08:00etan, helikoptero bat eta guardia zibilak ere bilaketan hasi dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun