Onik agertu da Goizuetan Leitzan desagertutako gizonezkoa

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 15a, 12:20

Nafarroako Gobernuak goizean adierazi du Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak atzo arratsaldeaz geroztik 35 urteko leitzar baten bila ari zirela, baina berriki Goizueta aldean, herriko bizilagun batekin, onik agertu dela jakinarazi dute. Ageri denez pixka bat desorientatua zegoen, baina ez du behar izan medikuen laguntzarik.

Itxura denez, 35 urteko gizonezkoa Ixkibarko itzulia egitera atera zen atzo, Leitzalarrean barrena, eta anaiak gauean eman zuen abisua, 22:00etan gaueko txanda egitera lanera joan ez zela ikusi zuenean. Atzo gauean hasi ziren bilaketa lanetan Leitzako suhiltzaile boluntarioak, Cordovillako parkeko suhiltzaileak eta Erreskate Teknikoko kideak, foruzainak, Salbamendu Txakurren Taldeko boluntarioak, senitartekoak eta bizilagunak. Gau osoan bilatzen eman dute baina ez dute emaitzarik izan, eta gaur, 8etatik aurrera, helikoptero bat eta Guardia Zibileko agenteak ere ibili dira gaztearen bila.

Azkenean, 11:30ak aldera deitu du 112 telefonora Goizuetako bizilagun batek gazte leitzarra Goizuetan agertu dela abisatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun