Udal energia planari eta argindarraren tarifa berriari buruz batzar irekia eginen dute gaur arratsaldean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 10a, 09:00
Leitzako Udaletxeko Batzar Aretoan eginen dute gaurko batzar irekia.

«Hiru gai estrategikoren inguruko» batzar irekiak egiten ari da Leitzako Udala aste honetan. Astelehenean garraio publikoa izan zuten hizpide eta Leitzako garraio publikoa «oso eskasa» dela iritzita, sinadura bilketa abiatu dute Nafarroako Gobernuari zerbitzu berria martxan jar dezan eskatzeko. Atzo,  emakumeen kontrako indarkeriaz hitz egiteko bildu ziren eta gaur, udal energia planaz eta argindarren tarifa berriaz ariko dira.

Gaurko hitzordua Leitzako Udaletxeko Batzar Aretoan eginen dute, 17:00etan. Alde batetik, 2016-2021 urteetan udalak energiaren arloan emandako pausoak eta aurrera begira eman nahi dituenak azalduko dituzte. Horrekin batera, argindarraren tarifa berriak ulertzeko tailerra emanen dute, besteak beste, tarifa berriak zein diren eta nola aurrez daitekeen esplikatuz.

«Garraio publiko duinaren alde» sinadura bilketa

Asteleheneko batzar irekian erabaki zuten autobus garraio publikoaren zerbitzu berria eskatzeko sinadura bilketa abiatzea. 16 urtetik gorakoek sinatzen ahal dute, Maimur eta Astiz liburu-dendetan eta ekainaren 28a izanen da sinatzeko azken eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun