Autobus zerbitzu berria eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 8a, 17:00

Leitzako garraio publikoa «oso eskasa» dela eta, sinadura bilketa abiatu du udalak Nafarroako Gobernuari zerbitzu berria martxan jar dezan eskatzeko.

«Aspalditik datorren arazoa» da Leitzako garraio publikoarena. Udalak dioenez, «azken hamarkadetan ez da hobekuntza nabarmenik egon, eta honek gure herritarrei garraio pribatuarekin mugitu behar izatera behartzen die». Zerbitzuaren maiztasun eta ordutegiak «eskasak eta desegokiak» dira, eta Koronabirusak eragindako krisialdiarekin «egoerak okerrera egin du».

Leitzako Udala Nafarroako Gobernuarekin «hainbat aldiz elkartu da 2015. urtetik hona» eta «asko izan dira partekatu diren txosten, ekarpen eta proposamenak». Leitzako zonaldeari eragiten dion zerbitzua berritzeko plegua lantzen hasi ziren, baina «kontratazio prozedura ez da amaitu oraindik».

Egoera «jasangaitza» dela diote, garraioa «hainbat esparrutan eragin zuzena daukan oinarrizko zerbitzua baita: landa-eremuko despopulazioan, oinarrizko zerbitzu publikoetara iristeko zailtasunak eragiten, lanera edo ikastera joateko garraio pribatuaren erabilera bultzatzen...»

Ondorioz, batzar irekia egin zuten atzo Herri Aretoan. Herritar asko bertaratu ziren haien iritzi eta ezinegonak adierazteko. Bertan, «sinadura bilketa eta aldarrikapen publikoa abiatzeko hainbat ekimen burutzea erabaki zen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun