Habelarte elkartearen aurkezpenarekin batera Araitzen hasi dute Mendialdeko azoka ibiltarien bigarren denboraldia

Ttipi-Ttapa 2021eko maiatzaren 11

Igandean abiatu zuten Mendialdeko azoka ibiltarien denboraldia Araitzen. Ez zen eguneko hitzordu bakarra izan. Orduan aurkeztu zuten Arano, Goizueta, Leitza, Areso, Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Basaburua-Imotz-Atezko ekoizleek sortu duten Habelarte elkartea ere, mendialdeko baserritarren elkartea.

Joan den urteko azoka ibiltarien «esperientzia positiboa» errepikatzeko «gogotsu eta ilusioz», Mendialdeko azoka ibiltarien bigarren edizioa antolatu dute aurten. Guztira bederatzi azoka ibiltari aurreikusi dituzte, eta horietan lehenbizikoa joan den igandean Araitzen egin zuten. Apirilaren 25ean egitekoa zen Leitzan baina koronabirus kasuen gorakada ikusita, Leitzako hitzordua ekainaren 6ra atzeratu dute eta Araitzen egin zuten lehenbiziko azoka.

Hitzordu berean, bi urteko prozesuaren ondotik sortu duten Habelarte elkartearen aurkezpen ofiziala egin zuten. Nekazaritza iraunkorra helburu duen mendialdeko baserritarren elkarteak zozketa ere egin zuen eta seigarren zenbakia izan zen saritua.

Azoka ibiltarien hurrengo hitzorduak

  • Maiatzaren 23an, Larraunen (Aldatz)
  • Ekainaren 6an Leitzan
  • Ekainaren 20an Goizuetan
  • Uztailaren 4an Imotzen (Latasa)
  • Uztailaren 25ean Basaburuan
  • Abuztuaren 14an Areson
  • Irailaren 18an Atetzen
  • Azaroaren 7an Lekunberrin

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun