Duela hiru urte abiatu zuten bidea, «Leitzan Bertatik Bertara dinamikak bultzatuta baserritar talde bat agroekologiaren bidea lantzeko elkarte bat sortu nahian hasi zenean». Hasierako asmoa Leitza eta Areso mailan zerbait egitea bazen ere, ateak ireki eta proposamena mendialde osora zabaldu zuten. Horretan aritu dira geroztik, eta bi urtez, Cederna-Garalur Elkarteko elikadura teknikarekin egin duten elkarlanaren emaitza da Habelarte. Adierazi dutenez, «mendialde osoan garatu den prozesu horretan, eskualdez eskualde egin diren hainbat batzar eta bilerei esker osatu eta ondu da datozen urtetan elkartearen proiektua izanen dena».
Baserritar txikiek «bereziki arazo askori aurre egin» behar dietela gogoratu dute: «ekoizpen arloan, eraldaketa prozesuan, komertzializazioan, bere produktuaren promozioan, kontsumitzaile eta administrazioaren arteko harremanetan...». Bi urte hauetako lanketari esker «tokiko errealitatea desberdina izanagatik, beharrak guztiontzat berdinak direla» konturatu dira eta behar horiek identifikatua «soluzio kolektiboak lantzeko tresna izanen den elkarte horren filosofia eta etorkizunean landuko den bide orria» zehaztu dituzte.
Nekazaritza iraunkorra helburu
Elkarte sortu berriak «osasuna, ingurumena, biodibertsitatea, klima larrialdia eta tokiko garapena» uztartu nahi ditu eta horretarako nekazaritza iraunkorra bultzatu nahi du, «eredu estentsiboan eta agroekologian oinarritutako praktikak sustatuz, prozesu eraldatzailetzat ulertuta». Elkarteak azaldu duenez, «eredu hau landuta, gure etxaldeen errentagarritasun ekonomikoa ez ezik, oreka soziala eta ekologikoa lortu nahi dugu».
Bide horretan sei lan-ildo finkatu dituzte: Baloreak, irizpideak eta hauetan oinarritutako marka; ekoizpenaren zikloa: ekoizpena, eraldaketa, komertzializazioa eta banaketa; emakume baserritarra; komunikazioa; formakuntza eta intzidentzia politikoa eta idazkaritza eta diruzaintza.
Elkartea sortu dute eta beste aldaketarik ez bada, apirilaren 25ean Leitzan eginen den Mendialdeko azoka ibiltarien aurreneko hitzorduan eginen dute aurkezpen publikoa.