Maiatzaren 9an Araitzen izanen da Mendialdeko Azoka Ibiltariaren lehenbiziko geldialdia, Arriben. Azokaren ospakizuna aprobetxatuz, bertan aurkeztuko dute Habelarte Mendialdeko baserritarren elkartea, 12:30ean. Nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreak izan dituen arazo eta beharrei irtenbide kolektiboak emateko tresna da elkartea. Nekazaritza iraunkorra eredu estentsiboan bultzatzea eta agroekologian oinarritutako praktikak sustatzea du helburu.
Bertako produktuak eta bertako lehengaiak nagusi
Azokaren hasierako filosofiarekin bat eginez, antolatzaileek argi dute zein den azokaren helburu nagusia: euren produktuak modu iraunkorrean eta arduratsuan ekoizten dituzten produktuak inguruko baserritarrak sustatzea, ikusaraztea eta saltzea. lldo honetan, zeharka, beste balore garrantzitsuak ere zabaldu nahi dituzte, kontsumo arduratsua, ekonomia zirkularra eta Km0 ekimenen garrantzia, besteak beste, antolatzaileen iritzian «horiek ezinbestekoak baitira beste eredu sozioekonomikoa eraikitzeko bidean».
Nekazaritzako elikagaien ekoizpena eta tokiko ekoizleak lehenesten dituzte, eta bereziki eskualdeko lehengaien erabilera baloratzen dute. Hala ere, nekazaritzako elikagaiak nagusitzen badira ere, noizean behin ekoizpen propioa duten zonaldeko artisauek ere parte hartuko dute. Hori bai, ez dute onartzen produktuen birsalmentarik.
Azoka ibiltaria, aurten 9 azoka
21 postu izanen dira guztira asteburu honetako azokan, bertako elikagaiekin eta artisautza produktuekin hornituak. Honen ondotik, Aldatzen (Larraun) eginen dute Mendialdeko Azoka Ibiltariaren bigarren geldialdia, maiatzaren 23an, eta horrela azaroa bitarte eskualdeko beste zazpi herritan ibiliko da.
-
Maiatzak 9, igandea Araitz
-
Maiatzak 23, igandea Aldatz (Larraun)
-
Ekainak 6, igandea Leitza
-
Ekainak 20, igandea Goizueta
-
Uztailak 4, igandea Latasa (Imotz)
-
Uztailak 25 igandea, Basaburua
-
Abuztuak 14, larunbata Areso
-
Irailak 18, larunbata Atetz
-
Azaroak 7, igandea Lekunberri
Azokaren antolakuntzan Mendialdeko hainbat udalek parte hartzen dute (Araitz, Areso, Atetz, Basaburua, Goizueta, Imotz, Larraun, Leitza eta Lekunberri), baita eskualdeko hainbat baserritarrek (gaur egun sortu berri den Habelarte Elkartean antolatuta), tokiko lantaldeek (horien artean, Leitzako Bertatik Bertara elkarteak eta LeitzEko kontsumo taldeak, Araitz bailarako Araizko zaporeak eta Larraungo Ura eta Lurra iniziatibak, besteak beste), Cederna Garalur-ek eta Plazaola Partzuergo Turistikoak.