Elkarretaratzea egin dute Leitzako ikasleek institutuan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 30a, 11:00

Leitzako Ikasle Abertzaleek deitua, elkarretaratzea egin zuten atzo Amazabal institutuko patioan ikasleek. Datorren urteko jangela zerbitzua eta ikasleentzat garraioa kolokan dago, eta Ikasleok konponbidea behar dugu! lelopean, konponbidea eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Udalari.

Leitzako Ikasle Abertzaleak taldeak konponbidea eskatu du aste honetan TTIPI-TTAPAra bidalitako oharrean. Bere hitzetan, «krisialdiaren testuinguruan, orokortzen ari den tendentzia da bizi-baldintza okerrenak dituztenek geroz eta oztopo gehiago izatea heziketa-prozesua modu duin batean burutzeko; esaterako, hezkuntza publikoan ematen diren murrizketak». Horren adibidetzat jo du institutuko jangelarako dirulaguntza kentzeko erabakia: «Jangela kenduz gero, Batxilergoko ikasleon garraioa zintzilik geratuko litzateke. Hau da, 14:20ean aterako litzateke autobusa DBHko ikasleentzat eta horiek bazkaldu gabe eta Batxilergokoak garraiorik gabe geratuko ginateke». Hala, «Amazabal BHIn Batxilergo ikasketak desagertzeko» aukera ikusi du. «Hezkuntza Departamentuak emandako beste aukera bat ikasle guztiak ordutegi bateratu bat izatea da. Honek, ordea, klase orduak oraindik eta goizago hasteaz gain, DBHko ikasleak eskolan ordu gehiago egotea suposatuko luke eta Batxilergokoak garraioa ziurtatua ez izatea».

«Langileon ikasketetarako oztopo izanen den neurririk ez dugula onartuko» nabarmendu du eta «ikasleok kaltetuko ez gaituen konponbide bat» exijitu du. «Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuak manten dezala jantokia eta beharrezko garraioa. Jantokia kenduz gero, jar ditzala autobus gehiago».

Udalei ere zuzendu die mezua: «Nafarroako Gobernuak arduragabe jokatzea erabakitzen badu, udalei eskatzen diegu aipatutako soluzioetako bat gauzatu dezaten; izan ere, zertarako erabili diru publikoa, ikasleon ikas baldintzak hobetzeko ez bada?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun