Orain arteko zerbitzuak mantentzeko eta garraioa bermatzeko eskatu dute Leitzako institutuko gurasoek eta ikasleek Iruñean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 26a, 10:00

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Leitzako Amazabal institutuan egin dituen murrizketak salatzeko elkarretaratzea egin zuten larunbatean hainbat guraso, ikasle eta herritarrek Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Mezu argia luzatu zuten: «gure gazteek ere ikasteko aukera berdinak izan ditzatela». Ikusi hemen argazkiak.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak heldu den ikasturtean DBHko ikasleei jangela zerbitzuaren laguntza kendu die eta horrekin batera, joan den asteko eskola kontseiluan DBHko eta Batxilergoko ordutegiak bateratzearen alde egin zuten. Bi boto izan ziren ordutegiak bateratzearen alde, batek ez bateratzearen alde egin zuten eta gainerakoek abstentziora jo zuten. Hori horrela, heldu den ikasturtean DBHkoek ez dute jangela zerbitzurik izanen Amazabal institutuan eta DBHkoek zein Batxilergokoek ordutegi bateratua izanen dute. Garraio zerbitzuari dagokionez, autobusa elkarrekin hartzeko aukera izanen dute, baina institutuko Guraso Elkartearen hitzetan, «horrek ez du Batxilergoko ikasle guztien garraioa bermatzen. Tokia baldin badago DBHkoekin autobusean sartuko dira. Zuzendaritzak egindako kalkuluen arabera, hurrengo ikasturtean autobusean denentzako tokia izanen da baina...».

Egoera salatzeko, larunbatean, apirilaren 24an, Araitz, Arano, Areso, Betelu, Ezkurra, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberriko hainbat lagun bildu ziren Nafarroako Jauregiaren aurrean Amazabal Guraso Elkarteak egindako deialdiari erantzunez. Osasun neurriak tarteko, gehienez 150 lagun bildu zitezkeen baina gehiago izan ziren apuntatu zirenak, «nahiz eta konfinatuta, azkenean batzuk ezin izan zuten joan». Horrekin batera, guraso elkarteak poliziaren presentzia ere aipatu du:. «polizien lau furgoneta hurbildu ziren».

Larunbateko elkarretaratzean, beraien «atsekabea» adierazi nahi izan zuten, «Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Amazabal institutuan egin dituen murrizketen  eta ordutegiak bateratzeko hartu duten erabakiaren aurrean desadostasuna berriro ere» azalduz.

Landa eremuan bizitzeagatik «familiok berez dauzkagun zailtasunei, garraio publiko ezagatik jasaten ditugunak erantsi» behar zaizkiela salatu zuten Iruñean egindako agerraldian: «Gure seme-alabek derrigorrezko ikasketak eta goi-mailako ikasketak egiteko dituzten zailtasunak ikaragarriak dira!».

Maria Txibite Nafarroako presidenteari eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariri ere zuzendu zieten mezua: «Non daude despopulazioaren aurkako laguntzak? Ez al gara gu ere nafarrak? Ez al ditugu guk ere zergak txukun-txukun ordaintzen?». Hala, «herri hauen errealitatea aintzat hartzea» eskatu zuten: «zerbitzu publiko gutxi, haietara iristeko distantzia luzeak, errepide bihurriak...». Argi mintzatu ziren: «benetan despopulazioa arazo bat iruditzen bazaizue, hemen duzue laguntzeko aukera! Gu gara despopulazioaren aurpegiak eta gure gazteak despopulazioaren biktimak».

Egoera ikusita, «Amazabal institutuko orain arteko ordutegiak (ez bateratua) eta DBHkoen jangela zerbitzua mantentzeko» exijitu zuten, eta horrekin batera, baita «garraio publikoa edo batxilergoko ikasleen garraioa bermatzea» ere.

Bertzalde, guraso elkartearen arabera, «egiten ahal genuen guztia egin dugu, eta hemendik aurrera Nafarroako Gobernua eta udalak dira lanean jarraitu behar dutenak».

Ikasle Abertzaleak konponbide eske

Leitzako Ikasle Abertzaleak taldeak ere konponbidea eskatu du. TTIPI-TTAPAra bidalitako oharrean adierazi duenez, «krisialdiaren testuinguruan, orokortzen ari den tendentzia da bizi-baldintza okerrenak dituztenek geroz eta oztopo gehiago izatea heziketa-prozesua modu duin batean burutzeko; esaterako, hezkuntza publikoan ematen diren murrizketak». Horren adibidetzat jo du institutuko jangelarako dirulaguntza kentzeko erabakia: «Jangela kenduz gero, Batxilergoko ikasleon garraioa zintzilik geratuko litzateke. Hau da, 14:20ean aterako litzateke autobusa DBHko ikasleentzat eta horiek bazkaldu gabe eta Batxilergokoak garraiorik gabe geratuko ginateke». Hala, «Amazabal BHIn Batxilergo ikasketak desagertzeko» aukera ikusi du. «Hezkuntza Departamentuak emandako beste aukera bat ikasle guztiak ordutegi bateratu bat izatea da. Honek, ordea, klase orduak oraindik eta goizago hasteaz gain, DBHko ikasleak eskolan ordu gehiago egotea suposatuko luke eta Batxilergokoak garraioa ziurtatua ez izatea».

«Langileon ikasketetarako oztopo izanen den neurririk ez dugula onartuko» nabarmendu du eta «ikasleok kaltetuko ez gaituen konponbide bat» exijitu du. «Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuak manten dezala jantokia eta beharrezko garraioa. Jantokia kenduz gero, jar ditzala autobus gehiago».

Udalei ere zuzendu die mezua: «Nafarroako Gobernuak arduragabe jokatzea erabakitzen badu, udalei eskatzen diegu aipatutako soluzioetako bat gauzatu dezaten; izan ere, zertarako erabili diru publikoa, ikasleon ikas baldintzak hobetzeko ez bada?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun