Fiskalak 12 urteko kartzela-zigorra eskatu du bizilagunari tiro egin zion goizuetarrarentzat

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 28a, 11:15

Foruzainak erasotzailea atxilotzeko momentuan.

Diario de Noticiasek aditzera eman duenez, atzo izandako epaiketan akusatuak ez zuela tiro egiteko asmorik adierazi zuen. Erasotuak, berriz, «hiltzeko asmoa» zuela nabarmendu zuen.

Joan den urteko apirilaren 9an Goizuetako bizilagun bat atxilotu zuten, liskar bat tarteko, bizilagun bati tiro egiteagatik eta perdigoi-kartutxo batez zauritzeagatik. Orduz geroztik, J.M. L.E. herritarra espetxean dago. Atzo adierazi zuenez, «biktimak mehatxatu zuela» sentituta «airera» egin zuen tiro. Horrez gain, tiratzaileak ez ziola buruan eman eta zauritu zuenik ere ez zela jabetu adierazi zuen.

« ‘Ni kartzelara joanen naiz eta zu hilerrira joanen zara’ esan zidan»

 

Erasotuak (15 perdigoi zituenak) argi adierazi zuen akusatuak «ongi zekiela» tiro eman ziola, «zorabiatu nintzenean etxetik kanpo atera eta honakoa esan zidan: ‘ni kartzelara joanen naiz eta zu hilerrira joanen zara’. Horrez gain, gertaeren lekuaren ondoan dagoen hilkutxari keinu egin ziola adierazi zuen. Laguntza eskatu zion bizilagunari ere halaxe esan omen zion: ‘burura bota dit hijoputa honek’ eta ‘hiltzeko’ tiroa izan zela.

«Biktimak mehatxatu ninduela sentituta airera egin nuen tiro»

Auzipetuak, Nafarroako Auzitegiko Lehen Sekzioan epaituak eta 12 urteko kartzela-zigorra eskatzen diotenak, ukatu egin zuen biktima mehatxatu zuela eta keinu mehatxagarririk ere ez ziola egin nabarmendu zuen.

«Lau urtez 20 ardi hil zizkidaten, eta bera hasi zen gaizki egiten»

Bi bizilagunak, itxura denez, lagunak izan ziren urte askoz eta elkarrekin joaten ziren lanera. Baina biktimak akusatuaren baserritik hurbil dagoen borda batean dituen ardiak hiltzen hasi zitzaizkionean susmo txarra hartu zion: «lau urtez 20 ardi hil zizkidaten, eta bera hasi zen gaizki egiten» adierazi zuen. 2019 bukaeratik laguntasuna bukatu eta tira-birak hasi ziren. Auzipetuak bi aldiz salatu zuen biktima mehatxuengatik eta bizilekua bortxatzeagatik. Biktima arrazoi hauetako batean absolbitu egin zuten eta bestea oraindik ez da epaitu.

Diario de Noticiasek kontatu duenez, gertakariaren arratsaldean, erasotzailearen etxearen aurretik zihoala, klaxona jotzen zuen zaurituak esan zuen ardiak ikustera zihoala. Baina erasotzaileak leihotik begira zegoela ikusita, «amorru pixka bat sartu zitzaiola eta, autoa aparkatu zuen, lorategian sartu zen eta belar-sastraka bat bota zion leihora». Orduan, erasotzailea «etxean ezkutatu zen, biratu egin nintzen beste harri bat hartzeko eta tiro egin zidan bizkar emanda».

Akusatuak, ehiztari adituak, autoarekin bakarrik ikusi zuela esan zuen, eta gero «entzuten, garrasi egiten, mehatxatzen eta leihora harriak botatzen» hasi zela: «beldurra nion eta ni defendatzera joan nintzen. Armairu batetik eskopeta hartu eta airera apuntatu nuen. Bera korrika atera zen».

Zaurituak ihes egin zuela nabarmendu zuen, baina buruan perdigoiekin egin zuen. Odol jarioan hasi zen, beste bizilagun baten etxera hurbildu zen ibilgailuan, zauria jertse batekin itxi zion, eta elkarrekin joan ziren guardiako medikuarengana. Honek bi zulo ikusi zizkion buruan perdigoiekin. Ez zioten garezurrari eragiten. Sendatu eta larrialdietara eraman zuen. Bitartean, akusatua etxean atxilotu zuten.

Atzoko epaiketan adierazi zuenez, gertaeraren ondoren «ohean sartu eta ardoa edan» zuen. Foruzaingoa harekin bi ordu eta erdi negoziatzen aritu zen entregatzeko. Alkoholemia-proba ere egin zitzaion, eta 1,03 miligramo alkohol-tasa eman zuen, gidatzeko baimenduta baino lau aldiz gehiago. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun