Leitzako institutuko zerbitzuak mantentzeko eskatuz elkarretaratzea deitu du guraso elkarteak larunbatean Iruñean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 20a, 16:00

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Leitzako Amazabal institutuan egin nahi dituen «zerbitzuen murrizketa» salatu nahi du institutuko guraso elkarteak. Izan ere, Hezkuntza Departamentuan heldu den ikasturtean DBHko ikasleei jangela zerbitzuaren laguntza kenduko diela iragarria du eta horrekin batera, DBHko eta Batxilergoko ikasleen garraioa zintzilik dago. Hori horrela, larunbatean, apirilaren 24an, Nafarroako Jauregiaren aurrean biltzeko deia egin du Amazabal Guraso Elkarteak.

Kalitatezko hezkuntzaren alde, herri txikiek ere eskubideak ditugulako lelopean mobilizazioa eginen dute larunbatean Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean (Karlos III.a etorbidea 2), 11:00etan. Aurretik izena emateko eskatu dute, amazabalge@gmail.com helbidera idatziz.

Ez da Amazabal institutuko gurasoek Nafarroako Gobernuari DBHkoen jangela zerbitzua mantentzeko eta garraio publikoa bermatzeko eskatzen dieten lehenbiziko aldia. Martxoaren 24an prentsaurrekoa egin zuten institutu atarian. Eta horrez gain,  Change.org atarian garraio publiko duin bat jartzearen alde hasitako sinadura bilketa oraindik zabalik dago. Dagoeneko 900 sinaduratik gora bildu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun