DBHkoen jangela zerbitzua mantentzeko eta garraio publikoa jartzeko eskatu diete Amazabal institutuko gurasoek gobernuari

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 25a, 08:00
Leitzako Amazabal institutuan egin zuten agerraldia asteazken arratsaldean.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Leitzako Amazabal institutuan egin nahi dituen aldaketen harira, «oso kezkatuta» eta «penatuta» agertu dira Araitz, Arano, Areso, Betelu, Ezkurra, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberriko gurasoak. Kritiko mintzatu dira heldu den ikasturtean DBHko ikasleei jangela zerbitzuaren laguntza kenduko dielako, eta horrekin batera, «bidegurutze batean» jarri dituelako. Egoera salatzeko prentsaurrekoa egin zuten atzo arratsaldean.

«Araitz, Arano, Areso, Betelu, Ezkurra, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberriko gurasoak oso kezkatuta gaude Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak Amazabal institutuko ikasleei ezarri nahi dizkien aldaketekin». Hitz horiekin hasi zuten atzo arratsaldean Leitzan egin zuten prentsaurrekoa. Izan ere, Leitzako institutua jangela zerbitzua duen institutu bakarra dela argudiatuta, Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak datorren ikasturtean DBHko ikasleei jangela zerbitzuaren laguntza kenduko diela jakinarazi die, «egoera irregularra omen da gure seme-alabena». Baina horrela, «egunero-egunero gure eskualde zabaleko hainbat herritatik Leitzako institutura datozen 14-16 urteko arteko ikasleen ongizatea ez duela bermatuko» salatu dute.

Leitzako institutura datozen ikasleen ongizatea ez dela bermatuko uste dute gurasoek.

Horrekin gurasoak «ez gaude batere ados», adierazi dute. Hezkuntza Departamentuak «alde bakarrez» hartutako erabakia izan dela azaldu dute eta «penaturik» daudela ere gaineratu dute, «ez zaiolako ikas komunitate osoari benetako aukerarik eman gaiari buruz lasai hausnartzeko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko».

«Halako jangela baten erabiltzaile 'bakarrak' izateagatik gure seme-alabak ez dira pribilegiatuak»

«Herri guztietako alkateen babesa» dutela nabarmendu dute eta argi dute «Nafarroako Gobernuak jangela zerbitzua diruz laguntzeko jarraitu beharko lukeela»: «Halako jangela baten erabiltzaile 'bakarrak' izateagatik gure seme-alabak ez dira pribilegiatuak; alderantziz, derrigorrezko eskolak jasotzeko etxetik kanpo ordu asko (8-9 ordutik gora) eta errepidean oso bide luzeak (50 kilometro baino gehiago) egiten dituzten nerabeak besterik ez dira».

Batxilergokoen garraioa zintzilik

«Hezkuntza Departamentuak bidegurutze batean jarri gaitu»

Gehiago ere bada. Jangela kentzetik haratago «Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bidegurutze batean jarri gaituela» adierazi dute gurasoek: «DBH eta Batxilergoko ikasleen ordutegiak bateratzen ditu institutuak, edo Batxilergoko inork ez du euren herrietaraino garraiorik izanen. Lehenengo kasuan DBHkoen garraioa erabiltzeko aukera izanen lukete, beti ere, haientzako eserleku librerik balego. Beraz, ordutegiak bateratuta ere, ez digute bermatzen ikasle guztiak etxera garraiatuak izanen direnik».

«Txarra eta txarraren artean aukeratzeko» eskatu dietela kritikatu dute: «Bazkaldu gabe eskolatik aterako diren DBHko ikasleak euren herrietara gaur egun baino lehenago ekartzeak Batxilergoko ikasleak kaltetuko lituzke, baita garraioaren beharrik ez duten Leitzako bertako ikasleak ere». Eta zergatik? «Bada haien eskola orduak murriztuko liratekeelako. Noiz eta unibertsitatera sartzeko azterketak prestatzeko ikasturteetan daudenean».

Egoera ikusita ikasleen «ongizatearekin genuen kezka areagotu» egin zaiela diote gurasoek, «ordutegiak bateratzeko motibazioa logistikoa delako, eta ez pedagogikoa». Horren inguruan institutuak gurasoen artean egindako galdeketa ere mahai gainean jarri dute: «%90 aldaketa horren kontra dago». 

«Ikasleek jasan behar dituzte, beste behin, Hezkuntza Departamenduak dirua aurrezteko hartzen dituen erabakien ondorioak?

Hori horrela, gobernuari «Hezkuntza Departamentuak dirua aurrezteko hartzen dituen erabakien ondorioak ikasleek jasan behar dituzten» galdetu diote: «Benetan Nafarroako Gobernuak ez du gaitasunik ikasleen garraioa hobeto antolatzeko?».

Garraio publiko falta

Garraio publiko falta ere salatu dute gurasoek. «Gure eskualdean ez dago garraio publikorik, eta beraz, nor arduratuko da Batxilergoko ikasleen joan-etorriez orain arteko ordutegiekin jarraituz gero? Ezin digute xantaia hori egin».

Eta bertzetik, Change.org atarian garraio publiko duin bat jartzearen alde hasitako sinadura bilketa oraindik zabalik dagoela ere oroitarazi dute: «dagoeneko 800 bizilagun baino gehiagok sinatu dugula gogorarazi nahi diogu Nafarroako Gobernuari».

«'Bakarrak' izateak ez gaitzala azkenak izatera kondenatu».

Txibiteri eta Gimenori mezua

Argi mintzatu dira. «Herri hauen errealitatea aintzat hartzea» nahi dute eta horixe eskatu diote Maria Txibite lehendakariari eta Carlos Gimeno kontseilariari: «zerbitzu publiko gutxi, haietara iristeko distantzia luzeak, errepide bihurriak, biztanleriaren zahartzea, despopulazioa... Begira ezazue mendi, baso eta zelai berde hauei eusten bizi diren herritarrak; ikus itzazue haien beharrak, batez ere, gaztetxoen beharrak. Mantendu itzazue orain arteko oinarrizko zerbitzuak –DBHkoen jangela zerbitzua– eta jar itzazue berriak –garraio publikoa–». Areago: «'bakarrak' izateak ez gaitzala azkenak izatera kondenatu».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun