Mendialdeko azoka ibiltarien aurreneko hitzordua apirilaren 25ean Leitzan eginen dute

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 16a, 13:30

Hitzordu berean Habelarte Mendialdeko baserritarren elkartearen aurkezpen ofiziala eginen dute

Joan den urteko azoka ibiltarien «esperientzia positiboa» errepikatzeko «gogotsu eta ilusioz», Mendialdeko azoka ibiltarien bigarren edizioa antolatu dute aurten. Guztira bederatzi azoka ibiltari aurreikusi dituzte, eta horietan lehenbizikoa apirilaren 25ean Leitzan eginen dute.

«2020ko esperientzia positiboa kontuan hartuta, antolatzaileek gogotsu eta ilusioz ekin diote aurtengoari». Halaxe adierazi dute Mendialdeko azoka ibiltarien antolatzaileek, hau da, mendialdeko udalek –Araitz, Areso, Atetz, Basaburua, Goizueta, Imotz, Larraun, Leitza eta Lekunberriko udalak–, eskualdeko hainbat baserritarrek –Habelarte elkartean antolatuak–, tokiko lantaldeek –horien artean Leitzako Bertatik Bertara eta LeitzEko kontsumo taldeak, Araitz bailarako Araizko Zaporeak eta Larraungo Ura eta Lurra ekimena–, Cederna Garalur Elkarteak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak.

Iazkoaren bidetik «zonaldeko baserritarrek era iraunkor eta arduratsuan ekoizten dituzten produktuak sustatzea, ikusaraztea eta saltzea» izanen da helburua. Baina bide beretik, «zeharka, beste balore garrantzitsuak» ere zabaldu nahi dituzte: «kontsumo arduratsua, ekonomia zirkularra eta Km0 ekimenen garrantzia, besteak beste, hauek ezinbestekoak baitira beste eredu sozioekonomikoa eraikitzeko bidean».

«Nekazaritzako elikagaien ekoizpena eta tokiko ekoizleak lehenetsiko» dituztela nabarmendu dute, «eskualdeko lehengaien erabilera baloratuz». Baina «noizean behin ekoizpen propioa duten zonaldeko artisauek ere parte hartuko dute». Hala ere, ez dute onartuko «produktuen birsalmenta».

Bederatzi azoka

Mendialdeko azoka ibiltarien joan den urteko edizioa Leitzan itxi zuten, eta aurtengoari hasiera Leitzan emanen diote. Apirilaren 25ean, igandea, izanen da, eta hori izanen da aurten eginen diren bederatzi azoken artean lehenbizikoa. Aurreratu dutenez, egun horretan 21 postu jarriko dituzte: barazkiak, gazta, eztia, haragia, hestebeteak, pateak, arrautzak, taloa, ogia...

Hauxe da azoken egutegia.

  • Apirilak 25, igandea Leitza

  • Maiatzak 9, igandea Araitz

  • Maiatzak 23, igandea Aldatz (Larraun)

  • Ekainak 20, igandea Goizueta

  • Uztailak 4, igandea Latasa (Imotz)

  • Uztailak 25 igandea, Basaburua

  • Abuztuak 14, larunbata Areso

  • Irailak 18, larunbata Atetz

  • Azaroa 7, igandea Lekunberri

Azoka guztiak 10:30etik 14:00etara izanen dira, eta azokak aberastu nahian, azokaren egunean edo ondoko egunetan akaso «erakusketak, jarduerak edota tailerren bat» antolatuko dituztela adierazi dute. Hala nola, «tokiko ostalaritzarekin elkarlanean, azokaren eguneko edo asteburuko menuak eginen dituzte azoka batzuetan» edo «eskualdeko produktuekin egindako pintxoen salmenta» ere bai. «Udalerriren batean ostalariren batek postu bat jartzeko aukera ere izanen luke».

Eskualdeko eskaintza turistikoarekin ere lankidetzan ari nahi dute, «zonaldeko turismo enpresa txikiak ere garrantzitsuak baitira tokiko produktuak sustatzeko». Hala, Plazaola Partzuergo Turistikoak «komunikazio lanetan lagunduko du».

Habelarteren aurkezpen ofiziala

Joan den martxoaren 28an egin zuten Habelarte mendialdeko baserritar agroekologikoen elkartea sortzeko batzarra Aralarren. Eta apirilaren 25ean Leitzan, aurkezpen ekitaldia eginen dute, 12:30ean, azokaren eremuan.

Bi urteko prozesuaren ondotik sortu dute elkartea, «nekazaritza iraunkorra bultzatzeko, eredu estentsiboan eta agroekologian oinarritutako praktikak sustatzeko, prozesu eraldatzailetzat ulertuta». Bide beretik, «zonaldeko baserritarren errentagarritasun ekonomikoaz gain, oreka soziala eta ekologikoa lortu nahi dituzte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun