Koronabirusa

Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako 700 lagunek izanen dute gaur txertoa hartzeko aukera

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 13a, 07:00

Lau herrietako 70 urtetik gorako herritarrei eta mendekotasun handia dutenei gaur Leitzan Covid-19aren aurkako txertoa hartzeko deia egina diete. Zehazki, 80 urtetik gorakoek txertoaren bigarren dosia hartuko dute eta 70 urtetik gorakoek aurrenekoa. Gaurko txertaketaren harira, hainbat ohar eman dituzte Aranoko, Aresoko, Goizuetako eta Leitzako udalek.

Txertaketa Leitzako kiroldegian eginen dute eta hala, gaur kiroldegia itxita izanen dela jakinarazi du Leitzako Udalak, baita eskolako aparkalekua eta parkea ere, 08:00etatik 20:00etara. Hori horrela, eskolara oinez joateko gomendatu dute.

Gainerakoan, kiroldegira bakoitzari egokitu zaion orduan joateko eskatu dute, «ez goizegi, ezta berandu ere». Txertoa hartzeko NANa aurkeztea ezinbestekoa izanen da eta maskara jantzita joan beharko da.

Leitzan bizi direnei «ahal bada» kiroldegira oinez joateko eskatu diete, eta Aranotik, Aresotik eta Goizuetatik doazenei kotxea frontoiaren ondoko gunean utz dezaketela adierazi diete. Ibiltzeko zailtasunak izanda txertaketa kotxean egin behar dutenen kasuan, berriz, kiroldegi ondoko gunea erabiliko dute horretarako.

Horrekin batera, «boluntarioen jarraibideei kasu egiteko» eskatu dute lau herrietako udalek.

Bigarren txertaketa

Martxoaren 23an egin zuten Leitzan aurreneko txertaketa eta aldi hartan, Aranon, Areson, Goizuetan eta Leitzan bizi diren 80 urtetik gorako 258 lagunek hartu zuten atzo Covid-19aren kontrako txertoa. Elizondon apirilaren 19an 80 urtetik goitiko herritarrei bigarren dosia emanen diete eta apirilaren 20an 70-80 urte bitartekoen txanda izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun