Leitzako Udalak hamaika erronka aurreikusi ditu 2021erako

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 6a, 14:00

2,6 milioi euroko aurrekontua onartua du Leitzako Udalak 2021erako, eta horren barne, «erronka nagusiak» bideoan bildu ditu. Besteak beste, eskola eremuko estalpea, bideen mantentze-lanak, bi lanpostu publikoren deialdia, politika sozialak, herriko plazako obra, mugikortasuna eta inklusioa hobetzeko egitasmoak, Mimukai, liburutegiko proiektua, mendiko kudeaketa jasangarria eta udal energia plana izanen dira Leitzako Udalaren aurtengo erronka nagusiak.

Leitzako Udalak joan den abenduan onartu zuen aurtengo urterako aurrekontua. Mikel Zabaleta Leitzako alkatearen hitzetan, «gutxi gorabehera 2,6 milioi euroko aurrekontua da» eta horri «iazko 300.000 euroko gerakina» gehitu behar zaio. Aurrekontu horren barne hainbat proiektu aurreikusi dituzte eta horien artean «nagusienak» hamaika erronka direla dio, bere hitzetan, «azpiegitura eta zerbitzu publikoak hobetzeko» balioko dutenak.

  1. Eskola eremuan estalpea. Nafarroako Gobernuak %80ko dirulaguntza onartu du Leitzako eskola eremuan estalpea egiteko. Baina Zabaletak argitu duenez, horrekin batera, «ingurua moldatzeko» aprobetxatuko dute. «Prozedura administratiboa motel doa baina, luzatzen ez bada gure asmoa lanak udan hastea da. Hala ere, ikasturte hasierarako bukatzea zaila izanen da».
  2. Bideen mantentze-lanak. Helburu horrekin «belarra mozten eta elurra kentzen modu eraginkorragoan aritzeko traktore berri bat eta desbrozatzeko besoa erosiko ditu udalak, gerakineko diruarekin».
  3. Bi lanpostu publikoren deialdia. Kultur teknikariaren eta administrari laguntzailearen lanpostuen deialdiak eginen ditu  udalak.
  4. Politika sozialak. Alde batetik, «herritarrekin elkarlanean, hileta zibilak antolatu ahal izateko lantaldea osatzen» eta bestetik, «gazte plana definitzen» ari da udala.
  5. Herriko plaza. Plazako lanak «ia bukatuak» omen daude: «Obra nagusia egina da eta gazteak eta haurrak erabiltzen hasiak dira. Herri kirolei balioa emanen dien panela jartzea eta beste detaile batzuk baino ez dira falta». Gehiago ere izanen omen da, alkateak «sorpresaren bat» ere izanen dela aurreratu baitu.
  6. Mugikortasuna. Leitza herri seguruagoa eta irisgarriagoa izateko «hainbat hobekuntza» egin nahi ditu udalak. Horren harira, «eskola ingurua irisgarriagoa izateko» neurriak hartuko dituztela adierazi du alkateak eta aldi berean, «Adur tabernatik Peritza tabernarako bidea behin betiko oinezkoentzako egokitu» nahi dute.
  7. Inklusioa. Leitza herri inklusiboagoa lortzeko herriko sei familiak abiatu duten LHL erronka «begi onez» hartu du alkateak, eta bestalde, «eskolako beheko solairuko komunak oso zaharrak daudela» ikusita, berrituko dituztela argitu du: «Behar eta adin guzietarako egokituko ditugu».
  8. Mimukai. «Tokiko ekonomia bultzatzeko proiektu estrategikoa» dela iritzita Mimukairekin lanean segitzearen garrantziaz» ere aritu da. Proiektua parte-hartzearen bidez diseinatu nahi dute eta gauzatzeko dirulaguntzak eskatuko dituzte.
  9. Liburutegia. «Udazkenean tokiko azpiegituretarako dirulaguntzen deialdia aterako dela aprobetxatuz, Oialde txokoan liburutegia kokatzeko aurreproiektua aurkeztuko dugu».
  10. Mendien kudeaketa jasangarria. Zuhaitz landaketak egiten jarraitzeko asmoa berrestearekin batera, «abeltzainekin elkarlanean» herri lurren ordenantza berria zehazten hasiak direla adierazi du, «mendia hobeki zaintzeko auzolana indartuz eta mendiak garbiago mantentzeko mendian abereak larretzea sustatuz».
  11. Bigarren udal energia plana ere aurkeztu nahi du udalak eta «Goiener kooperatibarekin elkarlanean ekoizpenerako saltoa» eman nahi du, «komunitate energetiko bat sortzeko».  

Zorpetze maila murriztuz

Azken urteotan udalaren zorpetze maila murriztu izanaz ere aritu da Zabaleta. Horren seinale, 2021ean 630.000 euroko zorrarekin bukatuko dutela aurreikusi dute: «2019an 867.000 euroko zorra zuen udalak eta azken bi urteetan zorpetzea %27 murriztu da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun