Egiteko asko dagoelako erronka solidarioa abian

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 2a, 08:00
LHL erronka garatzeko argazkian ageri diren Leitzako sei familiek lantaldea sortu dute.

Leitza herri inklusiboagoa lortzeko bidean, LHL erronka solidarioa abiatu dute herriko sei familiak. Herritarrak sentsibilizatzearekin batera, behar bereziak dituztenei bizitza errazteko ekarpenak egitea dute helburu eta ekainean Linza-Hiru Errege Mahaia-Leitza kirol erronkarekin borobildu nahi dute

G. PIKABEA | LEITZA

Ikusezina ikusgai bihurtu nahi dute, zailtasunak dituztenengan arreta jarri eta haiei «bizitza errazteko ekarpenak egin eta herritarrak sentsibilizatu». Azken batean, «Leitza herri inklusiboagoa» izatea dute begiz joa, sinetsita daudelako «mundu justuagoa eraikitzeko bidean inklusibitatea gako garrantzitsua» dela.

Helburu horri tiraka LHL erronka sortu dute Leitzan. Kirol erronka batekin hasi zen dena, baina aurretik Leitzan egindako «bi proiekturen garrek utzitako errautsetatik jaiotakoa» dela diote; batetik, Leitzan egiten den Euskal Herria Mendi Erronka, «kirola, euskara eta auzolana bultzatzeko egindako lan eredugarritik», eta bestetik, Leitza Urratsez Urrats proiektua, «institutukoek eta eskolakoek Leitzako irisgarritasun eta mugikortasun gabeziak azaleratzeko eta herritarrengan kontzientzia sortzeko egin zuten lanketa bikainetik».

Gauza bat eta beste, azkenean, erronka solidarioa abiatu dute eta Iker Gomez eta Iraitz Uriarte leitzarren mendi lasterketetarako zaletasunak eman die horretarako bide. «Aurten, koronabirusaren ondorioz, ez Leitzako Mendi Erronka ez bestelako mendi lasterketa askorik izanen ez dela ikusita, erronka pertsonala egitea bururatu zitzaigun». Hasieran, «Leitzatik abiatu eta Euskal Herriko tontorrik altuenera ailegatzea» pentsatu zuten. Gero, ordea, «motibagarriagoa eta hunkigarriagoa» iruditu zitzaien alderantziz egitea, «eta herriko plazan bukatzea». Hala erabaki zuten Linza-Hiru Erregeen Mahaia-Leitza ibilbidea egitea. Hortik datorkio egitasmoari LHL erronka izena. 150 bat kilometroko ibilbidea da, 6.000 metroko desnibel positiboa duena, 24 ordu baino gehiago korrika. Onartu dute: «ez da erronka makala, ez!».

Sei familia proeiktuaren gidari

Iraitz Uriarte eta Iker Gomezena izan zen hasierako ideia, baina abenduaren 28an Leitzako udaletxeko Batzar Aretoan proiektua aurkeztu zutenetik herriko sei familia bihurtu dira proiektuaren gidari. Hala ere, «ateak zabal-zabalik» dituztela argi utzi dute. «Dagoeneko bidelagun ugari egin ditugu eta ziur gaude askoz gehiago bilduko zaizkigula». Hauek dira lantaldea osatzen duten sei familiak: 1. familia: Iraitz Uriarte, Aintzane Arraiza, Iraide Uriarte eta Adei Uriarte. 2. familia: Iker Gomez, Arantxi Ariztimuño, Ekaitz Gomez eta Eneritz Gomez. 3. familia: Saioa Mendia, Patxi Lizarraga, Kattalin Lizarraga, Tasio Lizarraga, Garazi Lizarraga eta Haritz Lizarraga. 4. familia: Ainara Zubeldia, Alain Fernandez, Liher Fernandez eta Maier Fernandez. 5. familia: Saioa Salbarredi, Xabier Erbiti, Haizea Erbiti eta Ekia Erbiti. 6. familia: Harkaitz Delgado, Oihana Amundarain, Lur Amundarain eta Auritz Amundarain.

Erronka solidarioa

Linzatik Leitzarako bidean «isuriko ditugun izerdi tantak ikusgarritasuna aitortzea merezi duten zerbaiten alde» bota nahi dituzte eta horregatik hasi ziren «erronka solidario bihurtzeko ideia mamitzen». 
Berehala bat egin zuten herriko sei familiak proiektuarekin eta Leitzako familia bat etorri zitzaien gogora: «Udane izeneko alaba dute, eta munduan bost kasu baino ez dituen gaixotasuna du, horrek dakartzan zailtasun eta oztopo guztiekin. Aurten eskolan hasi da. Gurasoek gurpil-aulkian eramaten dute, eta agerian gelditzen ari da gure herriak ez daudela egokituta bestelako mugikortasun eta errealitateak dituzten pertsonentzat».

«Denok eskubide berak izan behar genituzke»
LHL erronkako lantaldea

Udaneren familiari laguntzeko «diru bilketa egitea» okurritu zitzaien lehenbizi, «beretzako tratamendu edo gailuren bat eskuratzeko», baina «familiarekin hitz egin ondoren, haiek hala eskatuta, gure asmoak beste norabide bat hartu zuen: pertsona bakarrean zentratu beharrean, herri osorako onuragarri izan litekeen proiektua aurrera eramatea erabaki genuen, zehazki, behar bereziak dituztenei bizitza errazteko ekarpenak egin eta herritarrengan sentsibilizazioa areagotzeko kanpaina egitea».

Leitza herri inklusiboagoa

Argi dute helburua, eta diotenez, «bat eta bakarra» da: «Leitza herri inklusiboagoa bilakatzea». Beraien irudiko, «mundu justuagoa eraikitzeko bidean gako garrantzitsua da. Gure aniztasunean denok eskubide berak izan behar genituzke, baina argi dago egunerokoan batzuek oztopo ugari gainditu behar dituztela beste batzuentzako inolako eragozpenik ez dagoen lekuan». Herriko adibideak aipatu dituzte horren seinale: «Leitzan, badira behar bereziak dituzten norbanakoak eta kolektiboak, adinekoak, gazteak zein umeak, eta eguneroko ekintza txikietan zailtasunak dituzte: plaza inguruan oinez edo kalean modu seguruan ibiltzeko, jolas-parkean beste umeen erara jolasteko...». Haiengan jarri dute arreta eta «begirada haiengan jarri dugunean konturatu gara asko dagoela egiteko, nahi adina lan».

Kirol erronka eginen duten Iker Gomez –ezkerrean– eta Iraitz Uriarte –eskuinean–.

«Gutxieneko zazpi lorpen»

Proiektuaren hasierako eta bukaerako egunak zehaztuak dituzte: «abenduaren 28an hasi ginen, Ikerrek eta Iraitzek sei familioi egitasmoaren berri eman zigutenean, eta bukaera data kirol erronkaren eguna, ekainaren 25-26an izanen da, ilargi betearen bueltan izanen dena». Baina bultzatzaileen hitzetan, «horrek ez du esan nahi proiektua hiltzen utzi behar denik: guk tarte horretan gogor aritzeko konpromisoa hartu dugu, eta herria aktibatzea eta norabide berean lan eginen lukeen jendeak eragiten jarraitzea nahi genuke».

Oraingoz, ekainera bitarte,  «zazpi lorpen adierazle» aurkeztu dituzte: «lehena sentsibilizazio kanpaina garatzea da; bigarrena herri lan-sarea osatzea; hirugarrena plazara bitarteko bidexka lortzea; laugarrena aniztasun funtzionala dutenentzako aparkalekuak urdinez margotzea; bosgarrena jolas parkea(k) egokitzea; seigarrena komertzioetan piktogramak jartzea; eta, zazpigarrena kirol erronka egitea». Proposamen horiek «gutxienekoak» omen dira, «eta bidelagunak eta proposamenak inguratu ahala, ugaritzen ari zaizkigu». Areago, «izugarri eskertuak gaude era guztietako ekarpenak eta elkarlanerako gonbitak jasotzen ari garelako».

«Helburua herri inklusiboagoa bilakatzea da»
LHL erronkako lantaldea

Gaur-gaurkoz, herri lan-sarea osatzen ari dira «buru-belarri». Dagoeneko «herriko eragile ugarirekin elkartu» dira eta «bidelagun izateko nahia eta konpromisoa erakutsi digute». Horien artean «lehen bidelaguna eta iparra erakutsi diguna Josune izan da, Udaneren ama. Hasieratik lana asko erraztu digu, berak aurretik egina zuen lana gure eskuetan utziz eta aurrerapausoak emateko ilusioa eta indarra erakutsiz». Baina «udala, Erleta eskola, Amazabal institutua, Okille tailerra, Itzaire Haur Eskola, jubilatuen elkartea, Atekabeltz Herrigunea eta Kaxkabeltza elkartea lanerako prest» agertu direla gaineratu dute: «bakoitzari proposamen zehatzak luzatu dizkiegu, baina bestelako ideiak garatzeko askatasuna ere eman diegu». 

Lantaldeko haurrak piktogramak lantzen.

Umeak ezinbestekoak

Umeak ere proiektuaren zutabe dira, «hasieratik egitasmoaren parte» eta «ezinbestekoak»: «zergatik ez baliatu aukera herrigintza, auzolana, elkartasuna, elkarlana eta bizikidetzaren balioak eta garrantzia umeengan ere sustatzeko?». Eta hala ari dira. «Umeek, gure laguntzarekin, plazara bitarteko bidexka udalari eskatzeko instantzia bete eta udal bulegoan erregistratu dute; aniztasun funtzionala dutenentzako egokitutako plazak non dauden, egokiak diren eta berriak non sor daitezkeen aztertu dute Arantxa taxilariarekin, piktogramak jartzeko zein motatako komertzioak dauden aztertu dute...».  

«Auzolanaren indarra»

Haur eta heldu, baina guztiaren oinarrian «auzolanaren indarra» nabarmendu dute. «Ziur» baitaude «herritarrak gaiarekin sentsibilizatzea eta aktibatzea lortzen badugu, sekulako aldaketak eragin ditzakegula Leitza herri inklusiboagoa bilakatzeko bidean». Erronka aitzakiatzat hartuta, «herritik eta herriarentzat egin nahi dugu lan». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun