Leitzako heliazalera dagoeneko erabiltzeko prest dago

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 9a, 09:00

Ilbeltzaren 20an hasi zen Lakita enpresa heliazalera eraikitzen eta dagoeneko amaitu du obra. Lanek 21.414,56 euroko aurrekontua zuten eta Nafarroako Gobernuak osorik ordaindu du. Heliazalerak larrialdi kasuetan erantzun «eraginkorragoa eta azkarragoa» ematea ahalbidetuko du: «osasun etxetik, anbulantzia eta suhiltzaileen parketik hurbilago dago, iristeko bidea egokiagoa da, baita helikopteroarentzat ere».

Azpiegitura hau HeliNET proiektuaren parte da, larrialdietan, erreskateetan edo hondamendi naturaletan erantzun-denborak optimizatzen laguntzen duten helikopteroen sare logistikoa handitzeko. Horretarako, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Sailak zazpi heliazalera eraikitzeko obrak lizitatu zituen: Etxalarren, Leitzan, Saldiasen, Izaban, Iruñean, Ultzaman eta Lekunberrin. Egitasmoak 177.159,81 euroko aurrekontua du eta % 65a Europako Diru Funtsarekin finantzatuko da.
 

Noiz da heliportua eta noiz heliazalera?

Heliportuaren eta heliazaleraren artean dagoen oinarrizko aldea zera da: heliportuetan helikopteroak maiz lur-hartu eta aireratzeko prestatuak daude, eta heliazalerak, aldiz, helikopteroak noizbehinka bakarrik ibiltzeko prestatuta dauden azalerak dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun