Plazaolako geltokian heliportua egiteko lanak hasi dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 21a, 18:00

Plazaola ingurua egokitu dute aparkalekua, hirigintza-lanak, parke biosasungarria, karabanentzako eremuaren proiektua... garatuz. Laster heliportua ere izanen dute.

Nafarroako Gobernuak Ederbidea proiektuaren 67,5 kilometro egokitzeko 2,4 milioi euroko inbertsioa egin du. Tartean, Plazaolako trenbidearen geltokiko biltegi zaharrean, 112 metro karratuko azaleran, bizikletak konpontzeko tailerra, alokatzeko aukera eta erabilera anitzeko gunea egin ditu. Eta, horrez gain, geltokiaren ingurune osoa egokitu du.

Horrekin batera, inguruan hobekuntzak egin dituzte: aparkalekua egokitu dute, hirigintza-lanak egin dituzte, parke/zirkuitu biosasungarria egin dute, karabanentzako eremuaren proiektua... Laster heliportua ere izanen dute Plazaola trenbideko garajeen eraikina zegoen lurraldean. Lanek 21.414,56 euroko aurrekontua dute eta Nafarroako Gobernuak %100ean diruz lagundua izanen da. Lakita enpresa atzo, ilbeltzaren 20an, hasi zen lanean eta «aste batzuz» eremua egokitzeko eta heliportua egiteko lanean ariko direla gaineratu dute.

Heliportuak larrialdi kasuetan erantzun «eraginkorragoa eta azkarragoa» ematea ahalbidetuko du: «osasun etxetik, anbulantzia eta suhiltzaileen parketik hurbilako dago, iristeko bidea egokiagoa da, baita helikopteroarentzat ere».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun