Horren adibide da errusieratik itzuli berri duen Aleksandra Kollontariren Erle langileen amodioak liburua. Erein eta Igela argitaletxeekin egin du, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteak (EIZIE) urtero antolatzen duen Literatura Unibertsala bildumarako lehiaketa irabazita. Bakarrik itzuli duen bere aurreneko literatur lana eta Errusiarekin duen lotura izan ditu hizpide.
Arte Ederrak ikasiz hasi zinen eta Errusian bukatu zenuen. Nolatan?
Leioan Arte Ederrak ikasten ari nintzela, Erasmus beka batekin Errumaniara joan nintzen. Han hasi nintzen Errusiako literatura irakurtzen eta Errusiarekiko zirrara sentitu nuen. Hortaz, Arte Ederrak bukatutakoan, Bartzelonan eslaviar filologia ikastea erabaki nuen. Literatura, historia eta batez ere errusiera eta poloniera ikasi nituen eta oso pozik aritu nintzen. Errusiara joateko aukera izan nuen, eta Moskun eta San Petersburgon bi egonaldi egin nituen. Oso argi nuen Euskal Herrira itzuli nahi nuela eta hona etorritakoan, errusierarekin lotuta zer egiten ahal nuen bila ibili nintzen, baina ez nuen topatu. Alde horretatik, itzulpena errusierarekin eta ikasitako guztiarekin harremana mantentzeko modua izan da.
Nolakoak dira errusiarrak?
Ikasketetako hirugarren urtean, Moskun sei hilabeteko egonaldia egin nuen. Moskuko unibertsitate estataleko ikasleen egoitza erraldoian bizi izan nintzen eta hasieran asko kostatu zitzaidan arren, oso gustura egon nintzen. Polita eta interesantea izan zen. Gero, ikasketak bukatutakoan, San Petersburgora joan nintzen, beka batekin master bat egitera. Urtebete egin nuen han, Errusiako familia baten pisuan bizitzen, eta bigarren egonaldi horretan gehiago ezagutu nituen. Hasieran hotzak dirudite, baina ez nuke hala direnik esanen. Ez dira Mediterraneokoak bezain atseginak edo irekiak, baina konfiantza hartutakoan, oso abegitsuak dira.
Eta zer diozu Errusiako kulturaz?
Errusia herrialde erraldoia da eta hainbat kultura ditu bere barrenean: musulmana, animista, buriatia, budista... Hainbat geruza ditu eta horietako batek kultura europarrarekin lotura du eta beste batek Asiakoarekin. Urte askoz Errusia mongoliarren mende egon zen eta horren arrastoak eta beste kultura batzuenak ere badira.
Zer dakigu euskaldunok Errusiaz?
Kultura anglosaxoiaz edo amerikanoaz baino askoz ere gutxiago dakigu. Alde horretatik oso marjinala da. Hortik aparte, alde batetik, gertakari historikoengatik Errusiari buruz dakiguna idealizatu egiten da, baina testuingurua ulertu gabe. Iraultza prozesu haiek nola eta zergatik gertatu ziren ulertu gabe mitifikazio puntu bat sumatzen da. Gainera, gerra garaian, Nafarroan beharbada ez hainbeste, baina frankisten kontra borrokatu zutenen artean errusiarrek itxaropena piztu zuten, tankeak bidaltzen zituztelako eta Errepublika salbatzera etorriko zirela pentsatzen zutelako. Baina beste aldetik, gaur egun, Errusiatik oso aldebakarreko informazioa jasotzen dugu. Putinen berriak baino ez dira ailegatzen.
«Emakume iraultzaileen amodio kontuak kontatzen dira»
Aroa UHARTE ZUBILLAGA, itzultzailea
Errusieratik Erle langileen amodioak euskaratu duzu. Azaldu...
Bai, EIZIEk Literatura Unibertsala lehiaketan liburu hau proposatu zuela ikusi nuenean, lagin bat aurkeztu nuen. Lehiaketa irabazita poza eta aldi berean urduritasuna sentitu nituen baina banekien gozatuko nuela. Eta pozik nago emaitzarekin, nahiz eta itzulpena fintzeko eta aldatzeko gogoa beti hor dagoen.
Liburuan hiru ipuin bildu dira eta Errusiaren historiako gertakari nagusiak ageri dira...
Bai, lehenbiziko bi ipuinak motz samarrak dira eta hirugarrena nobelatxo bat da, hirurak Errusian XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran kokatuak. Protagonistak emakumezkoak dira eta trama nagusia emakumezko horien amodio kontuak dira. Garai hartan, Errusian bizitzaren arlo guztietan izugarrizko aldaketak izan ziren: gizartean, ekonomian, politikan... baina liburuan askoz ere kontu intimoagoak kontatzen dira. Liburuko istorioak aldaketa izugarri haien erdian, pertsonen arteko harremanetan izandako aldaketak kontatzen dira, besteak beste, amodiori buruzko ikuspuntuak nola aldatzen diren.
Hiru ipuinak azalduko zenituzke?
Lehenbizikoan, Amodioa hiru belaunalditan ipuinean, XIX. mendeko amodio erromantikotik hasi eta iraultza denboran jaiotako neska gazte baten ikuspuntua kontatzen da, hiru belaunaldi eta bakoitzak iraultzaren eskutik bere garaiko amodio-egiturak nola puskatzen dituen. Bigarrenean, Ahizpak ipuinean, emakumea gizonarengana lotzen duten egiturak ageri dira: emakumeak bizitzarekin eta lan politikoarekin segitzeko dituen lanak, eta aldi berean, gizona, etxea eta familiara lotzen duen egitura nola puskatzen duen. Langabezia egoeran emakumeek prostituziora jotzeko duten arriskua ere aipatzen da. Hirugarrena Vasilisa Malygina- ren maitasun istorioa da. Harremanen inguruko hausnarketa bat egiten da, harreman batek, kasu honetan emakumea nola lotu dezakeen amodioaren esperoan edo bila egoteak, bizitzako erabaki nagusiak horren inguruan hartzeak, bere desioak... Emakume horiek iraultzaileak dira, eta ez dira amodioagatik bakarrik bizi.
Gaur egungo gizartearekin loturarik badu?
Liburuan planteatzen diren gai batzuen inguruko gogoetak gaur egun ere egiten ditugu. Adibidez, harremanak, poliamodioa, amodio erromantikoak sortzen dituen menpekotasunak... Gaur egungo irakurleentzat ere interesgarriak izan daitezke. Orain berritzailetzat ditugun ideia horiek ez direla hain berriak erakusten du.
Liburuaren estilo sinpleaz ere aritu izan zara...
Kollontai ez zen literatura idazlea, batez ere iraultzailea izan zen, eta saiakera dezente idatzi zituen. Une jakin batean, errealitate horrekin zuen harreman zuzena galdu zuen, diplomazia lanak egitera erbestera bidali zutelako. Orduan hasi zen literatura idazten, eta diotenez, Kollontairentzat literatura ideiak jendearengana ailegatzeko tresna izan zen. Garai hartan, alfabetatze prozesu oso inportantean zeuden, eta emakume nekazari eta langile asko ari ziren irakurtzen ikasten. Horregatik, liburuak nahiko hizkuntza estilo sinplea du. Ahozkotasunak ere garrantzia du, baina hori Errusiako literaturaren ezaugarri bat da, eta hizkera aldetik, esaldi motzak erabiltzen ditu.
«Kollontai oso pertsona liluragarria zela iruditzen zait»
Aroa UHARTE ZUBILLAGA, itzultzailea
Nola aurkeztuko zenuke Kollontai?
Oso pertsona liluragarria izan zen, indar handikoa eta ibilbide luzekoa. Oso gaztetatik bat egin zuen XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako langile mugimenduarekin eta 1917ko iraultza ailegatu zenean, hortxe zegoen. Alderdi boltxebikeko komite zentraleko kidea izan zen eta lehenbiziko gobernu sobietarrean ministro. Izugarrizko lana egin zuen hainbat lege onartzeko, besteak beste, dibortzioaren legea. Bere kasakoa ere bazen, eta bolada batez mentxebikeekin aritu eta gero, boltxebikeen aldera egin zuen. Alderdi barrenean, ildo ofizialetik aldentzeagatik erbestealdi diplomatikora bidali zuten eta munduko bigarren emakume enbaxadore izendatu zuten. Ibilbide politiko handikoa izateaz gain, saiakera dezente egin zituen, baita emakumeen lan baldintzen inguruan ikerketak ere. Literatura ere idatzi zuen, baina bere lanak pixka bat baztertuak izan ziren. Emakumeak iraultzako subjektu bihurtzearen alde ere asko borrokatu zuen baina alderdiko jende askok barre egin zion.
Itzulpen gehiago etorriko dira?
Bakarrik itzuli dudan lehenbiziko literatur lana izan da. Aurretik Amaia Apalauzarekin Sergei Dovlatoven Filiala itzuli nuen, eta ondotik Leninen Estatua eta Iraultza saiakera. Igual gehiago etorriko dira, zergatik ez? Errusiar literaturatik itzultzeko lan asko daude eta aukera baldin badut, egitea gustatuko litzaidake.