Mimukai proiektuaren parte-hartze prozesuko bigarren saioa gaur eginen dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 4a, 09:00

Otsailaren 25ean Leitzan egin zuten parte-hartze prozesuko lehenbiziko saioa.

Leitzako Udala bultzatutako Mimukai Garapenerako eta Eraldaketarako Zentroa sortzeko proiektuak aurrera jarraitzen du. Proiektua gizarteratzeko eta interesdunen eta herritarren beharrak biltzeko parte-hartze prozesua hasia dute eta bigarren saioa gaur, osteguna, eginen dute Leitzan.

Topaguneak sortuz eta elkarlanak bultzatuz, Larraun-Leitzaldeko tokiko ekonomia garatzea helburu duen proiektuaren baitan, joan den astean abiatu zuten parte-hartze prozsua Leitzan, eta Mikel Zabaleta Leitzako alkateak TTIPI-TTAPAri kontatu dioenez, «hasiera txukuna» izan zuen. Are gehiago, «30 lagun» bildu zirela, eta  «oso ekarpen interesgarriak» jaso zituztela adierazi du. Guztira zortzi saio egitekoak dituzte eta gaur eginen dute bigarrena, hau ere Leitzan, 15:00etan. Hirugarren sektorekoei eta herriko interesdunei egin diete parte hartzeko deia eta izena emateko mimukai@cederna.es helbidera idatzi beharko da.

Parte-hartze prozesuko hurrengo saioak:

  • Martxoaren 4an, Leitzan, hirugarren sektorea eta herritar interesdunak.
  • Martxoaren 11n, Jauntsaratsen, lehen sektorea eta herritar interesdunak.
  • Martxoaren 17an, Lekunberrin, lehen eta hirugarren sektoreak eta herritar interesdunak.
  • Martxoaren 24an, Lekunberrin, bigarren sektorea eta herritar interesdunak.
  • Apirilaren 15ean, Leitzan, bigarren sektorea eta herritar interesdunak.
  • Apirilaren 22an, Goizuetan, udal ordezkariak.
  • Maiatzaren 6an, Leitzan, saio irekia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun