Zorteko sentitzen da Itziar Alduntzin Navarro (Leitza, 1976), batetik, bere lana maite duelako eta bestetik, «libre» sentitu delako lanean, «nahi dudana edo neure buruak sortu duena egiten utzi didatelako». Azken 20 urteotan bizileku duen Donostiatik erantzun dizkio galderak TTIPI-TTAPAri, baina bihotzez «oso leitzarra» dela ageriko utziz, bere hitzetan, «haurtzaroa non pasatu duzun, hori da zure herria». Haurra zela «Irune lagun minarekin pasatako momentu oso onak» ahaztu gabe, bere ibilbide profesionala gainbegiratu du tarte honetan.
Argi zenuen kazetari izan nahi zenuela?
Txikitatik etxean irratia eta telebistako aurkezle lanak egiten nituen eta bereziki irratigintzarako zaletasunak erakarrita erabaki nuen kazetaritza ikastea. Leioan ikasi nuen, eta aurreneko ikasturtean unibertsitateko irratian parte hartzen hasi nintzen eta hirugarren mailan Euskadi Irratian bekadun hasi nintzen. Gero 15 urte eman nituen Gaztean. Euskadi Irratian eta Onda Vascan ere aritu naiz.
«Komunikazioan trebakuntza, askatasuna eta ni izateko aukera eman dizkit Gazteak».
15 urte Gaztean. Nolako oroitzapenak dituzu?
1998ko udan hasi eta 15 urte egin nituen. Hasierako bi urteetan asteburuetan aritu nintzen eta gero Salgai saioan hasi nintzen. Horixe izan zen beti sortzeko izan dudan gogoa libre uzteko lekua, eskola handia, irrati diferente bat egiteko aukera eman zidana. Komunikazioan trebakuntza, askatasuna eta ni izateko aukera eman dizkit, nire egiteko modua garatzeko aukera. Asko ikasi nuen eta trebetasun guztiak bertan ikasi nituen.
Euskal Herrian ezagun egin zinen...
Norbaitek zerbait esaten dizunean ohartzen zara ezagutzen zaituztela, baina besterik gabe, bestela ez dakit ohartzen zaren ezaguna zarela. Herri ttikia da gurea, euskaraz aritzen garenak ez gara asko.
2000-2002 artean Sorginen Laratzan ere ibili zinen...
Telebistan nire aurreneko lana izan zen. Irratia utzi gabe hasi nintzen eta ez zen makala izan. Gustura ibili nintzen, baina bi lanak batera egitea zaila da. Abentura potentea izan zen.
«Irratiak eta telebistak ez dute zerikusirk, baina batean edo bestean izan, norberak bere ezaugarriak mantentzen ditu».
Aldaketa handia izan zen kamara aurrera pasatzea?
Irratiak eta telebistak ez dute zerikusirik. Irratia ttikiagoa da eta produktua hasieratik bukaerara zuk egiten duzu. Telebistan, ordea, produktuaren zati bat zara, lantalde handi baten parte, baina zu izaten segitzen duzu. Norberak bere lan egiteko modua du eta irratian edo telebistan izan, norberak bere ezaugarriak mantentzen ditu.
Euskadi Irratiko Kantu Kontari eta Blai ere zure saioen zerrendan daude...
Gaztean nengoenean, Bostak Kanarietan saioa ere egin nuen Euskadi Irratirako eta oso dibertigarria izan zen. Irudimena libre utzi zidaten eta oso produktu landua egin nuen. Kantu Kontarin egindako lanaz ere oso harro nago. Euskadi Irratian beti asko eta oso ongi zaindu naute.
2017tik 2020ra Onda Vascan...
Bai, Gipuzkoako magazina egiten eta zuzentzen. Gauza berriek bertigoa sentiarazten dute, baina traba handienak norberak bere buruari jartzen dizkionak izaten dira. Denborarekin ohartzen gara horiek gainditu eta egin ditzakezula. Onda Vascan, gai politikoak eta sozialak asko jorratu nituen, eta esperientzia bikaina izan zen, gauza berriak egiteko aukera eman zidan. Administrazioan eta politikagintzan lanean ari diren pertsona interesgarriak ezagutu nituen, eta beti hain kritikatuak izaten diren horiek zenbat lan egiten duten ohartu nintzen. Aitortu behar dut lan guztietan oso gustura ibili naizela, eta ia beti libre sentitu naizela, nahi dudana edo neure buruak sortu izan duena egiten utzi didatelako.
«Ez dugu euskaldunak edo euskaraz hitz egiten dugunak alde batetik eta euskaraz hain ongi edo ez dakitenak beste aldetik ibili».
Saio elebiduna zen. Hizkuntza aldatuta eroso sentitu zinen?
Horrek zer pentsatua eman zidan, ez nengoelako ohituta. Baina libre utzi zidaten eta ahal nuen guztia euskaraz egiteko hautua egin nuen. Lankideari euskaraz egiten nion, nahiz eta berak erdaraz erantzun eta elkarrizketak euskaraz egiten saiatzen nintzen. Elkarrizketatuak euskaraz ez bazekien edo espresuki erdaraz egiteko eskatzen bazidan, erdaraz egiten nituen, baina euskaraz ulertzeko gai bazen, nik euskaraz egiten nion eta berak nahi edo ahal zuen moduan erantzuten zuen. Asko izan ziren elkarrizketa erdaraz hasi eta euskaraz bukatu zutenak eta horrek izugarrizko poza ematen zidan. Konbentzituta nengoen hori zela bidea, euskara modu naturalean sartzeko modu hoberena izan zitekeela, baina aldi berean, beldurra sentitu nuen, zuzendaritzak, entzuleek edo elkarrizketatuak ongi hartuko ote zuten kezka. Euskaraldia etorri zenean lasaitu nintzen. Bidea hori zela eta ez nintzela oker ari baieztatzeko balio izan zidan. Ezin dugu euskaldunak edo euskaraz hitz egiten dugunak alde batetik eta euskaraz hain ongi edo ez dakitenak beste aldetik ibili, naturaltasunez jokatu behar dugu.
«EITBn gelditu izan banitz ez nituen trebetzia batzuk hartu izanen. Denak zerbaitetarako balio du»
2015ean EITBko erregulazio txostenean sartu zintuzten. Nola hartu zenuen?
Oposizioak izan ziren, ez nuen plazarik atera eta kito. Ez dago besterik. Badakit modu askoz ere dramatikoagoan bizitu zutenak izan zirela, eta ulertzen dut, baina nire kasuan, 20 urte nituenetik, neskato bat nintzenetik, askatasun osoz lan egiten utzi didate eta oso eskertua egon naiz beti. Hortik aparte, oposizioak daude, eta ateratzen badituzu ongi, eta ateratzen ez badituzu dagoena onartu behar da. Pena izan zen, are gehiago hain gustukoa nuen lan eta leku bat izanda, baina horrek beste leiho bat ireki zidan Onda Vascan. Niretzat ikaragarrizko aukera izan zen, asko ikasi nuen magazin bat zuzentzen. Segur aski EITBn gelditu izan banintz, ez nituen orain ditudan trebezia batzuk hartu izanen. Denak zerbaitetarako balio du.
EITBn aukera gehiago etorri dira. Iaz, Dantzatzen den herrian aurkezle ibili zinen...
Oso saio atsegina izan zen, zeinen ongi pasatu nuen! Herriz herri jendea dantzan jarri genuen, eta lantalde on eta langile batekin egin nuen topo. Giro horretan lan egitea oso polita izan zen. Telebistara horrela itzultzea asko gustatu zitzaidan.
Eta irailaz geroztik ETB2ko Qué me estás contando saioan...
Salto handia izan da. ETB2ra joatea eta gaurkotasunari lotutako saio bat egiteko aukera izatea oso polita izan da. Segur aski aurretik egin ditudan guztiak egin izan ez banitu, ez nintzateke gai izanen.
«Kazetaritzan kontua komunikatzaile ona izatean da».
Orain arte egin duzun lanaren oso bestelakoa da?
Ez da hainbesterako. 25 urte daramazkit elkarrizketak egiten, jendearekin hartu-emanean. Berdin dio mikrofono edo kamara aurrean jarri, elkarrizketatua Berri Txarrak-eko kantaria den edo oraintxe Covid-19ak jota dagoena den. Denaren oinarrian komunikatzaile ona izatea dago. Komunikatzeko gustua, dohaina eta egiteko gogoa behar dira. Lan bat gehiago da, eta auskalo bihar zer tokatuko zaidan.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Goizean haurrak ikastolan utzi, eta prentsa digitala irakurri eta irratia pizten dut. Eguerdia baino lehen lanera joan eta zein gai jorratuko ditugun ikusten dut. Bakoitzak bere lan egiteko modua du, eta niri, betidanik, dena asko lantzea gustatzen zait, eta horregatik orain ere ahal den guztia irakurtzen dut, albistegiak ongi entzun, apunteak hartu... Zuzenekora prestatuta joatea gustatzen zait eta goiz guztia horretan pasatzen dut. Eguerdian makillajean nagoen bitartean Gaur Egun kaskoekin entzuten egoten naiz. Gero, gidoiari begirada bat ematen diot, artikulu gehiago irakurri... 17:30erako prest egon behar dut, baina ongi prestatuta, saioan gerta daitekeen edozein ustekabekori aurre egiteko prest.
Inoiz utzi duzu albiste bat nahi bezala eman gabe?
Segur aski bai. Denbora faltagatik, prestatutako elkarrizketa bat nahi bezala atera ez delako, zerbaitek huts egin duelako edo aurrean dagoena ez duzulako zurera behar bezala ekarri...
Eta goitik jasotako presioagatik?
Ez.
Nola baloratuko zenuke komunikabideetan egiten ari zaren ibilbidea?
Beti dakidan hobekien egiten saiatu naiz, pasioz, eta entzule edo ikuslearenganako errespetu osoz, nik baino gehiago dakitela pentsatuz.
Urteotan zein aldaketa ikusi dituzu telebistan eta irratian?
Aldaketa handiak izan dira, baina lanean ari zaren bitartean, ez zara ohartzen, eta momentuko erremintekin lan egiten ikasten duzu. Gaur egun, adibidez, hemeroteka Internet da, zorioneko erreminta. Garai batean ez genuen halakorik eta elkarrizketak irratiko hemerotekatik informazioa bilduta prestatzen genituen.
«Sare sozialak elkarrizketak egiteko oso tresna onak dira. Niri ez zait gustatzen nire gauzak publikatzea».
Zer diozu sare sozialen inguruan?
Elkarrizketak egiteko oso tresna onak dira, informazio asko har daiteke. Twitter, adibidez, momentuko informazioa jasotzeko oso tresna ona iruditzen zait, baina gainontzekoak ez zaizkit hain inportanteak iruditzen. Besteei buruzko informazioa bilatzeko igual bai, baina gainerakoan ez... Ez zait gustatzen nire gauzak publikatzea, herriko plaza dela iruditzen zait eta oso kontuz ibili beharrekoa.
Kazetaritza aunitz aldatu da?
Bai, gizartearekin batera. Erremintak aldatu dira eta kazetaritza egiteko modua ere aldatu da, gertatzen ari denaren isla da. Dena oso azkar egiten da, labur eta motz. Ez dut esaten txarra denik, baina erritmo bizkorragoan egiten da eta hausnarketarako tarteak ere behar dira.
Eta publikoa aldatu da?
Bai, aldatzen ari da. Gazteek, adibidez, ez dakit telebista ikusten duten... Orain guk aukeratzen dugu zer eta noiz ikusi edo entzun nahi dugun eta horrek entzule edo ikusleari askatasuna ematen dio. Aldaketak ez ditu inoiz txarrerako ikusten, hobetu beharrekoak beti daude, baina aldaketak beharrezkoak dira.
Eta zertan aldatu da Itziar Alduntzin?
Asko. Adinarekin aldatzen ez bagara, seinale txarra.
Zein amets edo ilusio dituzu?
Orain pandemia pasatzearekin konforme naiz. Pasatzen ari garen hau tragedia bat dela iruditzen zait, drama bat, eta gertatzen ari denaz oso kontziente izan behar dugu. Badirudi haserre gaudela ezin dugulako lehen egiten genuena egin, baina ezin dugu horretan tematu. Ezin da eta kito, ez gaitezen haserretu. Jende asko oso gaizki pasatzen ari da eta ezin diogu gure zilborrari bakarrik begiratu. Pasako da, eta bitartean egin dezagun eskatzen digutena, izan gaitezen arduratsu. Egoera hau drama bat dela ukatuta gaizki pasatzen ari direnak ikusezin bihurtu baino ez ditugu egiten.
MOTZEAN
|