Itziar Alduntzin

Labur-labur Itziar Alduntzinekin

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 17a, 09:00

Itziar ALDUNTZIN NAVARRO, Leitzako kazetaria eta komunikatzailea

  • Zeure burua hitz gutxitan: Kazetaria eta komunikatzailea.
  • Oinetatik azken ile-horiraino leitzarra zarela leitu dugu nonbait... Bai (kar, kar, kar). Igual dio zenbat urte daramatzazun herritik kanpo, haurtzaroa non pasatua duzun, hori da zure herria eta beti hala izanen da. Ni oso leitzarra naiz.
  • Zein da Leitzarekin duzun lotura gaur egun? Handia... Nire lagunak, gurasoak, ilobak, ahizpak… denak han daude.
  • Haurtzaroko nolako oroitzapenak dituzu? Oso onak. Irune nire ttikitako lagun mina eta biok beti elkarrekin ibiltzen ginen, beti gure sekretu eta istorioekin, oso pozik. Orain ere lagun minak gara.
  • Zein afizio dituzu? Irakurtzea; irratia, podcastak eta musika aditzea; zinera eta tarteka mendira joatea...
  • Zer albiste ematea gustatuko litzaizuke? Pandemia bukatu dela.
  • Nor elkarrizketatuko zenuke gustura? Elkarrizketatu dut, Ramon Saizarbitoria. Asko gustatzen zait bera hizketan aditzea eta errespetu handia diot.
  • Kazetari bat? RNE irratiko Pepa Fernandez. Esatari elegantea eta jantzia da, errespetuz aritzen dena.
  • Kamara edo mikrofono aurrean maniarik? Asko. Beti denborarekin ibiltzea gustatzen zait. Irratian kasko estuak behar izaten ditut.  
  • Dantzatzen duen herri bat? Leitza
  • Musika talde bat? Denetarik pixka bat: Berri Txarrak, Ruper Ordokika, Mikel Laboa, Josu Gallastegi...
  • Jaki gustukoena? Odolkia, txipiroiak tintan, paella, banabarrak...
  • Abesti bat? Garai hauetarako Aita Donostiaren Oinazez.
  • Liburu bat? Stoner eta Martutene.
  • Donostiako hondartza ala Leitzako mendiak? Ezin bizi ez bata ez bestea gabe.
  • Leitzako txokorik gustukoena? Haurtzaroko txokoak: eliz ingurua, ikastola zegoen tokia, plaza, Itturrizar, Leitzalarrea, trenbidea, Usategieta...
  • Irratia edo telebista? Bizitzak irratira eraman nau. Irratia alde batera utzita telebistan bakarrik ari naizen aurreneko aldia da, orain arte telebistan aritzeko aukera izan dudanetan irratia utzi gabe aritu bainaiz. Baina ezin dut aukeratu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun