Tifanitxo eraikineko gelak margotu zituzten asteburuan auzolanean

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 26a, 08:00

Batzuk bertan lokalen bat izanen dutelako, beste batzuk ikusminagatik eta gehienak Tifanitxon esku bat botatzeko asmoz, margotze lanak aitzaki hartuta, hainbat lagun hurbildu ziren pasa den larunbatean Tifanitxora. 

Eraikinak antolaketa berria izanen du hemendik aurrera. Gaztetxeko tabernak esaterako, barra luzeagoa jartzeko aukera izanen du aurrerantzean, eta lehendabiziko solairuan lau gela sortu dira. Ganbaran, berriz, bi lokal eder eta txukun prestatu dituzte. 

Astez eragile desberdinetako herritarrak margotze lanekin hasi baziren ere, larunbat goizerako Goizuetako Udalak deitutako auzolana benetan arrakastatsua izan zen. 20 lagun inguru, musikaz lagunduta, giro ederrean aritu ziren berritutako eraikinari kolorea ematen. 

Historia eta istorio askoren sehaska izandakoa da Iriartenea edo Tifanitxo eraikina, eta seguru hemendik aurrera ere herriari bizia emanen dioten hainbat proiektu ikusiko dituela jaiotzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun