Osasuna zaintzeko azalpenak eman ditu Arturo Vinuesa medikuak Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 27a, 16:00

Osasunaz beste begirada bat izenburupean formakuntza zikloa antolatu dute Leitzan, «osasunaren inguruan beste begirada bat lantzeko beharra» sumatzen dutelako eta «kezkatuta» daudelako «Covid-19ak sortutako osasun krisiaren ondorioz bizi dugun egoerarekin». Lau hitzaldiko formakuntza zikloa antolatu dute eta horietan aurrenekoa atzo egin zuten Atekabeltz herrigunean.

Jende ugari bildu zen atzo arratsaldean Arturo Vinuesa medikuaren azalpenak entzutera. Vinuesa Nafarroako unibertsitatean medikuntza eta zirujia arloetan lizentziatua da, familia eta komunitate medikuntzan espezializatua, homeopatian titulatua, Nafarroako ospitalean pediatriako urgentzietan aritua, medikuntza psikosomatikoan titulatua eta gestalt psikoterapeuta. Atekabeltzen egindako saioan Nola zaindu gure osasuna garai hauetan. Txertoa zu zeu zara hitzaldia eman zuen. 

Formakuntza ziklo honen hurrengo hitzorduak abenduaren 17an, urtarrilaren 8an eta otsailaren 18an izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun