'Osasunaz beste begirada bat' formakuntza zikloa antolatu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 23a, 09:00
Azaroaren 26tik otsailaren 18ra bitarte lau saioko formakuntza eskainiko dute Atekabeltz herrigunean.

Osasunaz Hausnartzen lantaldea sortu dute eta azaroaren 26tik otsailaren 18ra bitarte lau saioko formakuntza eskainiko dute.

Osasunaren inguruan «beste begirada bat lantzeko beharra» ikusita, Osasunaz Hausnartzen taldea sortu dute hainbat herritarrek. «Kezkatuta» daudelako «Covid-19ak sortutako osasun krisiaren ondorioz bizi dugun egoerarekin».

Irail aldera hasi ziren biltzen, «osasunaren eta bizi dugun eskubide murrizketen inguruan hausnartzeko» eta orain, formakuntza ziklo bat antolatu dute, azaroan hasi eta otsailera bitarte lau saio. «Komunikabideetatik eta toki guztietatik ezetzean eta distantziamendu sozialean oinarritutako betebeharrak agintzen dizkigute, baina inon ez dugu entzuten zer egin behar dugun egiazki gure osasunari indartsu eusteko». Horri buelta emateko prestatu dute Osasunaz beste begirada bat izenburupean formakuntza zikloa, «gaia hainbat ertzetatik aztertzeko, elkarrekin gogoetatzeko, hitz egiteko eta bizitza osasuntsuan hezteko helburuarekin». Saio guztiak Atekabeltz herrigunean eginen dituzte eta adierazi dutenez, segurtasun neurriak zainduta eginen dute, hala nola, edukiera mugatuta. 

Lau saioko formakuntza zikloa

Azaroaren 26an, ostegun honetan, 19:00etan, Nola zaindu gure osasuna garai hauetan. Txertoa zu zeu zara hizpide izanen du Arturo Vinuesa Saenz medikuak.

Abenduaren 17an, osteguna, 19:00etan, Kutsadura elektromagnetikoaren eragina gure osasunean eta ingurumenean hitzaldia emanen du Asier Arregi ingeniari agronomoak eta geobiologoak.

Urtarrilaren 8an, ostirala, 18:00etan Covid-aren aurrean txerto emozionalaz ariko da Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta gizarte hezitzailea.

Otsailaren 18an, osteguna, 19:00etan, Zer da bizitza osasuntsua? Elikaduratik gure interdependentziak arakatzen hitzaldia emanen du Goiuri Alberdi Aresti nutrizioan eta osasunean doktoreak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun