Euskaraldia

'Txor-txor' bakarrizketa saioa urriaren 15ean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 12a, 12:00

Emanaldia urriaren 15ean 19:00etan Atekabeltzen izanen da

Euskaraldia batzordeak antolatu du Beatriz Egizabalen emanaldia 19:00etan Atekabeltzen.

Beatriz Egizabal aktorearen eskutik, 45-50 minutuko bakarrizketa umoretsuaz gozatzeko aukera izanen dute entzuleek. 16 urtetik goitiko entzuleei bideraturiko saioa da eta euskaldunok eguneroko egoeretan ditugun harremanei buruzko gogoeta du ardatz. Tartean, ahobizi eta belarripresten rola, gazteen parte-hartzea eta aurreko edizioan izandako bizipenak oroitzeko parada izanen dute. 

Oroitzapenak berpizteko hitzorduaz harago, azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen den Euskaraldiaren bigarren ediziorako prestatzen hasiak dira leitzarrak. Herriko 29 entitatek izena eman dute.

Herritarrentzat izen-ematea zabalik

Herritarrentzako izen-ematea oraindik irekita dago eta www.izenematea.euskaraldia.eus helbidearen bidez egin dezakete, rola aukeratu eta beharrezko galdetegia betez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun