COVID-19: Azken datuak

35 kasu positibo atzeman dituzte Leitzan eginiko bahetze orokorrean

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 9a, 16:29

Neurri gehiago hartiko ez duten arren, irailaren 3an indarrean jarritakoak mantenduko dituzte.

Ezinegona eta kezka. Horietxek izan dira azken egun hauetan leitzarren artean sumatu diren sentimenduak. Abuztu bukaeran koronabirusean positibo eman zuten herritar kopuruak gora egin zuela ikusita, iraileko aurreneko asteburuan, hilaren 5ean eta 6an, 15 urtetik gorako leitzarrei PCR probak egiten aritu ziren herriko kiroldegian. 

1.882 PCR proba
Herritarren parte hartzeari esker, bi egunez, 1.882 proba egin zituzten. Guztira 15 urtetik aurrerako herritarren %75 bertaratu zen probak egitera. Gehiago ere bada: «azken egunetan Leitzako Osasun Etxean egindako probak gehituz (positibo izan direnak eta horiekin harremanetan egon direnak) 180 lagun gehiagok parte hartu zuten. Hortaz, azken egunetan PCR probak egin dituzten leitzarrak %80 baino gehiago izan dira».

35 positibo
Emaitzak gaur jakinarazi dituzte. Bertan azaldutakoaren arabera, 1.882 lagunetatik 35 izan dira positiboak, «nahiz eta behin-behineko datuetan 26 zirela adierazi zuten». 

Datuak jaso ondotik, Leitzako Udala Nafarroako Gobernuarekin bildu da eta «oraingoz neurri berririk ez hartzea» erabaki dute.

Gomendioak
Erabakirik hartu ez duten arren, herritar eta erakundeei «erabateko arduraz eta erantzukizunez» jokatzeko deia egin diete, «Covid-19 gaitza gehiago zabaldu ez dadin eta horren ondorioak saihes ditzagun». 

Positibo eman dutenei osasun zerbitzuek adierazitako neurriak «zorrotz» betetzeko eskatu diete. Gisa bertsuan, hauekin hurbileko kontaktua izan dutenak ere bakartuta egon behar dutela oroitarazi dute: «iraileko aurreneko asteburuan egindako proban negatibo eman bazuten ere, osasun zerbitzuetatik horiei berriz ere proba bat egiteko deituko diete».

Zalantzak argitze aldera, hurbileko kontaktua «15 minutu baino gehiago, bi metro baino hurbilago eta babes neurririk gabe egotea» dela zehaztu dute.

Neurriak
Kasuak ugaritzen ari zirela ikusi bezala, irailaren 3an, «gaitzaren zabalkundea moztu eta saihesteko» Nafarroako Gobernuak berariazko neurri batzuk zehaztu zituen. Horiek ere indarrean daudela gogorarazi dute. Hortaz, taberna eta jatetxeek barruan %50eko edukiera eta kanpoan %75ekoa izanen dute; taldeak gehienez sei pertsonakoak izanen dira eta barran ezin izanen da ez jan ezta edan ere. Parkeetan, eskola atarian eta aisialdi gune publikoetan ere sei lagun baino gehiagoko taldeak ezin izanen dira elkartu eta eremu bakoitzean 18 pertsona egon ahal izanen dira gehienez. Elkarteak, lokalak eta antzeko biltokiak itxita egonen dira eta eremu pribatuan ere gehienez sei lagun biltzea aholkatu dute. 

Udal zerbitzuak
Momentuz, kiroldegiko taldekako jarduerak bertan behera gelditu dira eta frontoia eta pista ezin izanen dira alokatu. Gainera, ostiral eta larunbatetan ez da azokarik izanen. Udal zerbitzuetara jotzeko hitzordua hartu beharko da eta kultura eta kirol ekitaldi guztiak alde batera utzi dira. 

Zerbitzuetatik informazio ofiziala, zehatza eta ziurra jaso bezain laster herritarrei informazioa eta behar adina argibide helaraziko dizkietela aipatu dute. 

Esker onak
Udalak egindako bahetze orokorrean parte hartu duten guztiei, parte-hartzaile zein boluntarioei, eskerrak eman nahi izan dizkie izan duten «jarrera eredugarriarengatik».

Bide beretik segitzeko eskatu nahi izan dute: «jarrai dezagun elkar zaintzen!».     

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun