Azken astean positibo ugari antzeman ondoren, joan den asteburuan Leitzan 15 urtetik goitikoei 1.882 PCR egin zitzaizkien. Osasun etxearen laguntzaz, Leitzako Udalak, Gizarte Zerbitzuek eta Nafarroako Gobernuak egindako prebentzio froga hauek «erantzun txalogarria» izan zuten Euskal Herria Mendi Erronka elkartearen ustez. Izan ere, «froga egitea borondatezkoa izan arren, parte-hartze handia» izan zuen eta hori «berriro ere Mendialdean auzolanaren baloreak indarra hartu duten seinale» da.
EHMEtik auzolan handi horretan parte hartu duten antolatzaile eta boluntarioei, «erakutsi duten konpromisoagatik eta arduragatik», eskerrak eman nahi izan dizkiete. Eta, aldi berean, «animoak» helarazi dizkiete konfinatuta daudenei. Mezu baikorra helarazi dute: «indartuta aterako gara auzolanaren hariak jarraitzen duen bitartean!».