Koronabirusa

Leitzan 15 urtetik gorako herritar guztiei PCR probak eginen dizkiete asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 3a, 14:25

Taberna eta jatetxeetan erdira murriztuko da edukiera barnealdean, eta %75ekoa izanen da kanpoaldean.

Positibo kopuruan azken asteotan izan den «gorakada kezkagarriaren ondorioz», Leitzako udalak erabaki zorrotza hartu du: 15 urtetik gorako biztanle guztiei PCR probak eginen dizkiete larunbat eta igande honetan, Leitzako kiroldegian, 09:30etik 20:30era. Proba egiteko hitzordua eskatu behar da 648 833 302 telefonora deituta. Aipatutako baheketa orokorraz gain, Nafarroako Gobernuak ere Leitzarako neurri zehatzak ezartzea erabaki du, Foru Agindu honetan ikus daitekeen bezala.

Koronabirusak Leitza gogor jo du azken asteotan. Kasuak ugaritzen hasi zirenetik, Udalak Nafarroako Gobernuaren osasun agintariekin eta herriko Osasun Etxeko profesionalekin harreman estua izan du, egoeraren segimendu zehatza egiteko.

Leitzaldeko osasun eremuan 50 kasu pandemia hasi zenetik

Abuztu hasieratik batez ere, atzemandako positiboen kopuruak goraka egin du nabarmen. Ikusi hemen datuak. Horiek horrela, Leitzako Udalak neurriak zorroztuko dituela jakinarazi du prentsa-ohar baten bitartez. Edukierak mugatuko dituzte gehienbat, eta hamabost egunez egonen dira indarrean.

Taberna eta jatetxeetan erdira murriztuko da edukiera barnealdean, eta %75ekoa izanen da kanpoaldean. Gainera, mahai baten inguruan ezin izanen dira sei lagun baino gehiago bildu, eta ezin izanen da barran kontsumitu. Aisialdi gune publikoetan ere taldeak sei pertsonakoak izanen dira gehienez ere, eta edukiera hemezortzi pertsonakoa izanen da.

Eremu pribatua arautzeko eskumenik ez izan arren, udalak jendea ez pilatzeko eta sei pertsona baino gehiagoko taldeetan ez biltzeko eskatu die herritarrei. Aldi berean, elkarte gastronomikoak, gazte lokalak eta halako elkarguneak ezin izanen dira erabili.

Udal zerbitzuei ere eraginen diete hartu dituzten premiazko neurri hauek. Kiroldegia irekita egonen da, baina ezin izanen da talde jarduerarik egin, eta frontoia eta pista ere ez dira erabilgarri egonen. Gainera, kirol eta kultur jarduera guztiak alde batera utziko dituzte bi astez. Udal zerbitzuek martxan segituko dute, baina ordua eskatu beharko da aurretik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun