Koronabirusa

Leitzako Udalak zuhurtzia eskatu du ustezko Covid-19 agerraldi baten bueltan zabaldu diren mezuen aurrean

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 17a, 11:17

Informazio ofiziala jaso bezain laster herritarrak informatzeko konpromisoa hartu du udalak.

Egunotan Leitzan COVID-19aren agerraldi bat gertatu dela zabaldu da herrian.  Horren aurrean, espekulazioak eta zurrumurruak albo batera utzi eta zuhurtziaz jokatzeko deia egin die herritarrei udalak. Gaineratu dute osasun zerbitzuetatik informazio ofiziala, zehatza eta ziurra jaso bezain laster, informazio hori eta behar adina argibide helaraziko dizkietela herritarrei.

Leitzara bisitan etorritako pertsona batek COVID-19an positibo eman duela jakin ondotik piztu da alarma. Momentuz, ordea, Leitzan ez da beste positiborik izan. Osasunbideak berehala abiatu du dagokion protokoloa, hainbat herritar prebentzioz isolatuta daude, beharrezkoak diren PCR probak egiten ari da eta emaitzaren arabera, eman beharreko urratsak eta jarraibideak zehaztuko ditu. 

Udalak azaldu du azterketa horren ondorioz herritar gehiagori ere PCR proba egin behar zaiola erabakiz gero, Osasunbidea jarriko dela herritar horiekin harremanetan: «Osasunbideak adieraziko die, non, noiz eta nola egin behar duten proba».

Bukatzeko, osasuna eta segurtasuna bermatzeko orain arte ezarri diren neurriak eta eman diren gomendioak zorrotz betetzen jarraitzeko deia egin diete herritarrei: «elkar zaindu dezagun». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun