Covid-19ak sortu duen egoerak «bazter guztietako festak arrastan» eraman dituela gogoratu dute Aranoko Udaletik eta bide horretan, «Aranoko festak ez direla salbuespena» nabarmendu dute. Hori izan da festen batzordeak, Jalki kultur elkarteak eta Aranoko Udalak Santio festak ez ospatzeko erabakia hartu izanaren arrazoia, «ez behinik behin betiko eran». Oharrean diotenez, «jende elkarketa handiek ez omen dute mesede egiten birusaren kutsatzea mantsotu nahi bada, eta arrazoi hori tarteko, aurtengo arkume jatea edota feria ezin izanen ditugu egin». Horiek ez ezik, «gainerako ekintza guztiak ez egitea» adostu dute santioen antolatzaileek eta udalak.
Hala ere, data hurbildu ahala, «herri ekimenez bultzatutako jarduerek aurrera eginen duten edo ez ikusteke» dagoela azaldu dute. Bitartean, zaintzeko deia egin dute oharrean: «ea guztion artean bere onera ekartzen dugun guztia! Bitartean, zaindu gaitezen».