Aresoarrek ezetz esan diote konpost-plantaren egitasmoari

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 22a, 09:00

Herriko Eluseder industrialdean konpost-planta egiteko egitasmoarekin aurrera edo atzera egin erabakitzeko herri-galdeketa izan dute aresoarrek. Hamasei urtetik gorako herritarrek izan dute iritzia emateko aukera, %52,7koa izan da parte-hartzea eta horietatik %62,7k proiektuaren kontra bozkatu du.

2018an jaso zuen Aresoko Udalak Mendialdea Mankomunitatearen eskutik lur zati baten eskaera. Bertan eskualdeko sortzaile berezien organikoa kudeatzeko konpost-planta eraikitzea zen mankomunitatearen asmoa. Bi urte pasa dira, udal taldea aldatu da eta eskaintzarekin aurrera edo atzera egiteko unea iritsi denean, egungo ordezkariei hainbat zalantza sorrarazten dizkie gaiak. Herritarren iritzia ezagutu nahi izan dute eta atzo, ekainaren 21ean, egin zuten horretarako herri-galdeketa. 

Denera, 239 herritarrek zuten bozka emateko aukera eta 126k eman dute beren iritzia: 79 aresoarrek bozkatu dute konposta egiteko plantaren proiektuaren kontra eta 47k alde.

Udalak herritarren parte-hartzea azpimarratu eta eskertu nahi izan du: «herritarrek ulertu dute gai honek zuen garrantzia eta erantzuna neurri berekoa izan da». Herritarren iritzia kontuan hartuta hartuko dute azken erabakia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun