Koronabirusa

Herrian kontsumoa bultzatzeko erosketa bonuak jarriko dituzte salgai Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 17a, 08:00

Hogei euro ordainduta hamar euroko hiru erosketa bonu eskura ditzake herritar bakoitzak.

Leitzako Udalak eta Kaxkabeltza elkarteak elkarlanean martxan jarri duten egitasmoa da. Modu honetara Covid-19aren osasun krisiagatik kaltetuak izan diren komertzioetan erosketak egitea bultzatu nahi dute eta, bidebatez, herriko komertzioek elkarlanean eta elkarrekin lan egitea bultzatu.

Horretarako, 500 erosketa txartel jarriko dituzte salgai eta herritarrek 20 euroren truke, 10 euroko hiru bonu eskuratzeko aukera izanen dute. Udalak 30 euro horiek osatzeko falta diren 10 euroak jarriko ditu eta horrenbestez 5.000 euro ordainduko dizkio Kaxkabeltza Elkarteari, kanpaina hau gauzatu ahal izateko. 

Ekainaren 22tik 26ra salgai
Bonuen paketeak Udaletxeko karrapeko tabernan salduko dituzte: ekainaren 22tik 26ra edo bonu guztiak agortu arte. Astelehen, asteazken eta ostiralean 18:00etatik 21:00etara izanen dute bonuak erosteko aukera eta astearte eta ostegunean 11:00etatik 14:00etara. Bonuak Leitzan bizi diren 16 urtetik gorako herritarrek erosi ahalko dituzte eta bakoitzak bonu sorta bakarra erosi ahalko du. Bonoak erosterakoan, izen abizenak esan, NAN-a erakutsi eta helbidea eman beharko dituzte.

Hamar euroko hiru bonu eskura ditzakete herritarrek hogei euro ordainduta

Uztailaren 1etik abuztuaren 10era arte erabilgarri
Bonuak uztailaren 1etik abuztuaren 10era arte erabili edo gastatu ahalko dituzte Kaxkabeltzako komertzioetan. Kanpainarekin bat egiten duten komertzioek kartel bat jarriko dute ikusgai. Epe hau igarota, bonuek bere balioa galduko dute eta ezinen dira itzuli edo erabili. Gainera, bonuak erabili ahal izateko, erosketak, gutxienez, 10 eurokoa izan beharko du. Balio horren azpiko erosketetan ezinen dira bonuak erabili eta  banaka edo batera erabili ahalko dituzte, baina gehienez, erosketa bakoitzean, herritar bakoitzak 10 euroko hiru bonu erabili ahalko ditu. 

5.000 euro bideratuko ditu Leitzako Udalak kanpaina honetarako

Udalaren ekarpen berezia
Udalak ekarpen berezia egin nahi izan dio aurten Kaxkabeltza elkarteari. Urtero adosten duen hitzarmenean 1.000 euroko dirulaguntzari beste 6.000 euro gehituko dizkiote aurten. Horietatik 5.000 euro Leitzan kontsumitzeko bonuen kanpaina finatzatzeko izanen dira eta gainerako 1.000 euroak herrian kontsumitzeko sentsibilizazio kanpaina gehiago egiteko bideratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun