Koronabirusa

Leitzan San Joan bezperako ospakizunik ere ez da izanen aurten

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 15a, 10:00

Jendetza bildu ohi da San Joan bezpera ospatzeko Leitzan egiten duten herri afarian.

Leitzako Udaleko eta Aurrera Elkarteko ordezkariek atzo iluntzean jakinarazi zieten herritarrei erabakia: garagarrilaren 23an ez dute surik piztuko Leitzako plazan eta haurren ingurutxoa, txistor opilak eta herri afaria ere ez dira izanen.

Covid-19ak sortutako testuingurua dela eta, aurtengo San Joan bezperako progamazioa bertan behera uztea erabaki dute. Aurten posible izanen ez den arren adierazi dute, «datorren urtean piztuko dugu sanjuan bezperako sua, dantzatuko dute haurrek ingurutxoa, jango ditugu txistor opilak eta herri giroaz gozatuko dugu. Momentuz iragana erre eta mundu hobe baten sugarrak eraikitzeko aukera dugu». Xabat Illarregi Marzol herritarren bertsoa zabaldu dute adierazpenarekin batera:

San juan bezperan ekainaren
hogeita hirua delako
plazan elkartu ohi gara denak
uda hasierarako
ordea beti dena ez da nahi
bezalaxe aterako
nahiz aurten surik ez den piztuko
gu lasai egon beharko
oraindik brasa bero egongo da
hurrengo urterako.

(Doinua: Itsasoari begira)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun