Koronabirusa

Aresoko festen antolaketa bertan behera uztea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 10a, 10:30

Udan berriz bilduko da festa batzordea eta festei keinua nola egin erabakiko dute.

Aresoko festa batzordeak bilera egin zuen atzo, ekainaren 9an. Hamabost bat lagun elkartu ziren eta ahobatez erabaki zuten festen antolaketa bertan behera uztea: «egoera zein den ikusita zentzuzkoena delako».  Hala ere, udan, berriz biltzeko asmoa dute eta momentuko egoeraren arabera festei keinu bat nola egin erabakiko dute. 

Ekainaren 9an, 18:00etan bildu ziren festa batzordeko kideak Aresoko Udaletxean. Hamabost bat lagun elkartu ziren eta denek bat egin zuten erabakian: «festak ohiko moduan ospatzeko baldintzak ez dira betetzen eta zentzuzkoena antolaketa bertan behera uztea da». Bilera hau baliatuta, Aresoko Udaleko ordezkariek beraien ikuspegia azaldu zieten herritarrei: «ez gaude prest festak antolatzeak eskatzen duen ardura gure gain hartzeko». Musika talde, dantzari eta bestelako ekitaldietako profesionalengan ere pentsatu dute eta, gehiegi luzatu gabe, atzera edo aurrera egin behar zela azaldu: «jendearekiko errespetuagatik ere, azken momentuan ekitaldiak bertan behera utzi beharrean, nahiago dugu erabakia garaiz hartu». Bileran bildutako guztiak ados zeuden udalekoen iritziarekin: «egoera dijoan bezela joanda ezin da ezer ziurtatu». Gainera, Areson otorduek indar handia dute «eta horietan jende kopurua kontrolatzea eta segurtasun neurriak betetzea ez da erreza». Hala, festik gabeko urtea arraroa izango den arren, «denek erabaki hoberena» dela esan dute.

Hala ere, udan festa batzordea berriz bildu eta COVID-19aren eboluzioa eta momentuko egoeraren arabera zerbait antolatzeko aukera badela komentatu dute: «egun bateko festa, asteburu bat, arratsalde bat.... baina azken orduan prestatuko zerbait izan beharko da».

Sanjuan bezperako ospakizunei buruz ere hitz egin zuten bileran. Arratsaldean umeentzako ekitaldiren bat, herri afaria eta suak izaten dituzte ekainaren 23an eta horiek ere ofizialki ez dira izango aurten. Udalak ez du parte hartuko ekitaldietan, «norbaitek zerbait antolatu nahi badu bere ardurapean izango da, egunerokoan bezala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun