Koronabirusa

Leitzako igerilekua uda honetan ez irekitzea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 4a, 10:16

Leitzako udal igerilekuetan jendetza bildu ohi da urtero. Aurten ez dute zerbitzurik eskainiko.

Nafarroako Gobernuak jarritako irekiera baldintza zorrotzak betetzeko  eta herritarren segurtasuna %100ean bermatzeko zailtasunak dituztela ikusita, aurtengo udan Leitzako udal igerilekuak ez irekitzea erabaki du Anikote SL enpresak. 

Urteroko zerbitzua emateko asmoz, udako denboraldiarako prestaketa lanetan gogotsu aritu dira, baina Covid-19ak sortutako ezohiko egoeraren ondorioz, azkenean udako igerilekuko zerbitzua bertan behera utzi behar izan dute. Kaleratu berri duten oharrean adierazi dutenez, Gobernutik jarritako irekiera balditzak oso zorrotzak dira «eta argi dago berriz ere herrietako kirol instalakuntza txikiek ezarritako arau hauek betetzeko zailtasun gehiago ditugula». Baldintza horiek guztiak gaindiztea lortuta ere, «zuhurtziaz eta arduraz jokatzea» erabaki dutela gaineratu dute: «ez dugu ikusten %100ean herritarren segurtasuna bermatu dezakegunik».

Herriko osasun etxeko profesionalei ere eskatu diete balorazioa egiteko eta hauek ere zerbitzua ez eskaintzea gomendatu diete. Hau guztia dela eta, 2020ko udan Leitzako udal igerilekuak ez irekitzea eta zerbitzurik ez ematea erabaki dute.

Datorren asteetan, legeak uzten duenaren arabera, herriko kirol zerbitzuak (kiroldegia eta pilotalekua) martxan jartzeko ahalegina eginen dutela ere adierazi dute. Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete herritarrei «egiten ari diren esfortzu eta ahaleginagatik».    

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun