Koronabirusa

Leitzak bere itxialdiaren memoria osatuko du

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 6a, 16:15

Argazkian, Mikel Zabaleta Aramendia Leitzako alkatea eta Itziar Luri Ekiza Labrit Ondareko ordezkaria.

Leitzako Udalak hitzarmen bat sinatu du gaur Labrit Ondarearekin COVID-19ak sortutako ezohiko egoera honetan bizitakoak bildu, gorde eta herritarren artean zabaltzeko.

Udalerriko egunerokoa guztiz aldatu da aste hauetan. Jenderik gabeko kale hutsak, irekita gelditutako saltokietako ilarak, zigilu pean dauden parteak, galtzada-harri tradizionalen zirrikituetan hazitako loreak eta maiz balkoira ateratzen diren herritarrak normaltasunera noiz bueltatuko zain. Barkadadea, asperdura edota antsietatea sortu diguten egunak dira. Baina ekimen positibo eta berritzaileak ere ekarri ditu Koronabirusak. Zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko boluntario sarea, bideo kolektiboak, distantzian sortutako abestiak edo orain inoiz baino gehiago bertako produktuen kontsumoa sustatzeko auzolanean oinarritutako Baserritik etxera bezalako proiektuak. 

«Etorkizuna guztiz aldatuko duen momentu historikoa» dela iritzita Leitzako Udalak bildu egin nahi izan ditu zenbait hamarkada barru memoria hori sakonean ezagutu eta ezagutarazteko, praktika egokien eredu ezin hobea izaten ari baita. 

Labrit Ondarearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, hilabete hauten bizitako esperientziaren bilketa, babesa eta transmisioa bermatuko dute ikuspuntu historiko, antropologiko eta gizatiar batean oinarrituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun