COVID19 pandemiak sortutako egoera dela-eta aurten ez dituzte haur txokoa eta tailerrak eginen. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Euskara Mankomunitatea eta Leitzako Udala azkeneko aste eta egunotako berrien zain egon dira, datozen hilabeteetarako egoera ahalik eta informazio gehienarekin aurreikusi eta aukera guztiak aztertzeko.
Esku artean dituzten datuekin, krisia kudeatzeko egiten diren aurreikuspenekin eta datozen aste eta hilabeteotan oraindik ere hartu beharko diren segurtasun neurriekin erabaki dute ez dagoela bermerik, ezta ziurtasunik ere, udako jarduera hau antolatu ahal izateko, «are gutxiago ongi, egoki eta modu asegarri batean antolatzeko». Gisa honetako jarduerak egiteko baimenik izanen ote den ere ez dakitela gaineratu dute: «eta horretarako baimenik izanen ote den. Egitekotan, zein baldintzatan egin beharko liratekeen. Ezta Haur Txokoa eta Tailerrak kudeatuko lituzkeen enpresa edo erakunderik egonen ote den ere, Leitzakoa gauzatu ahal izateko».
Horiek guztiak kontuan izanda, aurten jarduera bertan behera geratuko da: «ikusi dugu inolako ziurtasunik ez dagoela jarduera honen inguruan, itxura guztien arabera ez dela modurik izanen eskaintza duin eta egoki bat egiteko, eta bestalde, indarrean dagoen osasun krisi honek zuhurtziaz jokatzea eskatzen digula».