COVID-19: Elkarrizketak

«Baserritik etxera dinamikak erakutsi digu jendea baserritarrak eskainiko duenaren zain dagoela»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 28a, 09:30

Kristina Saralegi, Leitzako Arro baserrikoa.

Alarma egoerak plazak itxi, baina bide berriak ireki dizkie Leitza eta Aresoko hainbat baserritarri. Tartean, Arro baserriko Kristina Saralegiri. Baserritik etxera dinamikaren parte izan da hasieratik eta ordura arte saldu izan ez dituen hainbat produktu salgai jarri edota eskaintza egokituta, merkatua badela ikusi du. Garai berrietara egokitu beharraz hitz egin du, «argi dago, zerbait nahi duenak ahalegina egin behar duela».

Ekoizle bezala zer eragin izan du zuretzat Baserritik etxera dinamikaren parte izateak?
Sortu den egoera berri honekin ez atzera eta aurrera gelditu ginen eta aurrera egiteko ate bat ireki digu Baserritik etxera dinamikak. Taloak saltzen ibiltzen ginen plazaz plaza eta festarik ez bada, bide hori guztiz itxia dugu. Gainera, taloa momentuan jaten den zerbait da, etxera eramateko eskatzen zutenak gutxi ziren. Orain erdiak maskarak jantzita dabiltza, zer hasi behar dute maskarak kendu eta taloak jaten?  Guzti hau lehertu zenean, negozio berri bat martxan jartzekotan ginen. Taloak enbasatzeko lantegi bat osatu dugu eta noiz hasi erabakitzen ari ginen. Behar genuen bultzada eman digu, honi esker Leitzan saltzen hasi gara eta gustura gaude jasotako erantzunarekin.

Aurretik saltzen ez zenituzten produktuak ere salgai jarri dituzue..
Baserritik etxera dinamika sortu zenean, salgai zer jarri behar nuen pentsatzen ari nintzenean, argi ikusi nuen: ‘daukadana jarriko dut salgai, alperrik bada ere!’ Enbasatutako taloez gain, garai bateko hazia ereinda lotutako artoa, etxeko errotan egindako arto irina, antzara arrautzak, oilo arrautzak, kalabaza, banabarrak, etxeko txistorra… salgai jarri eta nire harridurarako uste baino erantzun hobea izan genuen. Baserritarrek askotan pentsatzen dugu norbaitek guk dugun zerbait nahi badu badakiela non gauden, etorriko dela edo deituko duela. Pentsamendu horretan bizi izan gara eta orain ikusi dugu dinamika honekin eroslea etorri zain egon gabe, guk eskaini behar ditugula gure produktuak. Jendea baserritarrak eskainiko duenaren zain dagoela.

«Baserritarrek askotan pentsatzen dugu norbaitek guk dugun zerbait nahi badu badakiela non gauden, etorriko dela edo deituko duela»

Beraz, herritarren erantzunarekin gustura zaudete?
Oso gustura. Lortu den guztia elkarlanaren emaitza izan da, eskerrak eman beharra dago udalari, zinegotziei, kontsumo taldeko kideei, bolondres aritu diren guztiei eta erostera animatu direnei. Orain dinamikaren funtzionatzeko modua aldatuko da. Herritarren eskaerak jaso eta larunbatetan plazan banatuko ditugu. Jendearentzat errazagoa zen akaso etxean jasotzea, baina horrek boluntario askoren lana eskatzen zuen eta ezin zitekeen betiko horrela segi. Orain ikusi beharko da jendeak nola erantzuten duen.

Plazan baserritarrak larunbatero biltzea ere berezia izanen da.
Bai hagitz polita izanen da. Lana ere izanen da, baina argi dago zerbait nahi duenak ahalegina egin beharra duela.

«Gure lan egiteko modua aldatu da, baina badirudi jendea ere bertakoari balioa ematen ari dela»

Garai berrietara egokitzeko ahaleginean ari zarte baserritarrak… Lehen denda edo ferian saltzen zenuena, bukatu da. Etxez etxeko zerbitzua da iraun duen bakarra. Tabernetara  saltzen zuena ere auekrarik gabe gelditu da. Dendetan ongi ari dira saltzen, tabernan jaten ez duenak etxean jaten baitu. Gure lan egiteko modua aldatu da, baina badirudi jendea ere bertakoari balioa ematen ari dela. Egia esan, bazen garaia! Ez du zentzurik zakurraren ipurdiko soja nahiago izateak bertako artoa edo garia baino…

Bertakoa bultzatzeko politikak ere beharrezkoak izanen dira.
Argi dago, baietz. Bertakoa bultzatzen ez bada, baserritarrei ez bazaie laguntza ematen, hau guztia akabo da. Leitzan gaur egun baserritik bizi diren gazteak lau izanen dira. Gazte horiei ez bazaie babesa ematen, akabo dira mendiak.. batak bestea dakar. Aziendarik ez badago, dena belarra eta otea izanen da. Dena sasia bada gero sua datorrenean ea nork itzaltzen duen. Ez dakit goiko horiek nora begira dauden. Beti hirian sartuta ote dauden edo… baina hirietako lorategiak ez badira zaintzen eta mozten, han ere lapaitzak eta larrak ederki aterako lirateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun