Apirilaren 21ean Nafarroako Gobernuak salmenta zuzenerako neurriak malgutu izanak salmenta bidea egokitzeko aukera eman die Leitzaldeko baserritarrei. Hala, baserritarrak erreserbatutako produktuak hartu eta plazara joanen dira larunbat goizetan. Erreserba egin duena bertaratuko da produktuak jaso eta ordaintzera. Gainera, produktuak unean bertan erosteko aukera ere izanen dute eskaerarik egin ez dutenek edota momentuko eskaintza ikusita baita produktu gehiago eskatzekoa ere; azoka baten tankeran. Honetaz gain, orain arte bezala, erosle eta baserritarrak ere adostu dezakete beraien artean beste bide bat.
Elkarlanaren emaitza
LeitzEKO kontsumo taldea, Leitzako Udala, Herritarren Laguntza Sarea eta Leitzako eta Aresoko ekoizleak elkarlanean ondu dute Baserritik etxera dinamika. Apirilaren 24ra arte herritar boluntarioek osatutako sarea arduratu da etxez etxeko banaketa egiteaz. Handia izan da dinamikak lortu duen arrakasta: lau astez 211 eskaera izan dituzte, 116 erabiltzaile ezberdinek eginak (45 urtez azpikoak) eta bertan ekoiztutako 1.277 kilo elikagai banatu dituzte.