Jangelako dirulaguntza mantentzeko eskaera egin dute Amazabal erreferentzia zentrotzat duten herrietako alkateek

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 21a, 13:30

Inguruko herrietako ikasleentzat erreferentziazko zentroa da Amazabal institutua.

DBHko ikasleei dirulaguntza kentzea eta DBH eta Batxilergoko ikasleei ordutegi berbera jarri nahi izatea bidegabetzat jo dute

Amazabal Institutuko zuzendaritza taldeak gutun bat bidali die duela gutxi inguruko herrietatik Leitzara ikastera joaten diren ikasleei. Bertan, jakinarazi die Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez duela DBHko ikasleen jantoki zerbitzua diruz lagunduko eta DBHko eta Batxilergoko ikasleei ordutegi berbera jarri nahi diela (garraioa partekatu dezaten). Aldaketa horiek garraituak ez diren ikasleei ere eragiten dietela ikusita eta egoera larria dela iritzita, Araitz, Arano, Areso, Betelu, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberriko alkateek beharrezkotzat jo dute argibide batzuk ematea.

Hezkuntza Departamentua aspaldi samarretik jantokiko dirulaguntza hori kentzeko asmotan zela azaldu dute: «ez da kontu berria, eta legegintzaldi honen hasieran ere aipatu ziguten hango ordezkariek, baina alkate gisa ez dugu inongo jakinarazpenik jaso, eta erabakia hartu badute, guri ezer esan gabe egin dute». Arriskua hor zela ikusita, Legegintzaldi hasieran bildu ziren gaia lantzeko Amazabal erreferentzia zentrotzat duten herrietako udal ordezkariak, «argi ikusi genuen defendatu egin behar dugula jantoki zerbitzuko dirulaguntza hori». Argudioak txosten batean bildu, eta harreman sorta bat hastea erabaki zuten.

Irizpide ekonomikoak
Hezkuntza Departamentuaren erabakiaren atzean arrazoi ekonomikoak daudela salatu dute udal ordezkariek: «66.000 euroko gastua omen da jantokia diruz laguntzea eta irregularra omen da egoera». Udal ordezkariek, ordea, dirulaguntza horrek eskualdeko ikasleek bizi duten egoera bereziari erantzuten diola argudiatu dute: «etxetik goiz mugitu beharra, distantzia, bidean ematen duten denbora...». Auzi honetan arlo ekonomikoa adinako garrantzia edo handiagoa duten kontuak badirela gaineratu dute: «nerabeen ongizatea, elikadura eta garapen egokia, osasun irizpideak, landa eremuan bizitzeak dakarren zerbitzu galera...».

Ordutegiak bateratzeak ere, arlo akademiko eta pedagogikoan ondorio nabarmenak izanen dituela azpimarratu dute: «D ereduko ikastetxerik gehienetan, DBHkoek ordutegi bat dute (6 saio egunean) eta Batxilergokoek beste bat (7 saio). Ez da bidezkoa Hezkuntza Departamentuak ordutegia luzatzea DBHko ikasleei, eta Batxilergokoei murriztea, denek elkarrekin buka dezaten».

Hau guztiagatik, eskaera argia egin dute «jarrai dezatela dirulaguntza ematen». Eta ezinezkoa dela ikusten badute familiei laguntzeko beste aukera batzuk lantzeko agertu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun