Leitzako Amazabal institutuko gurasoen gutuna Nafarroako Hezkuntza kontseilariari

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 21a, 08:45

Amazabal BHI Institutuko Guraso Elkarte guztiek sinatu dute gutuna.

Datorren ikasturtetik aurrera Nafarroako Hezkuntza Departamentuak orain arte ikasle garraiatuei ematen zieten jantoki zerbitzurako dirulaguntza bertan behera uzteko asmoa du. Erabakian atzera egiteko eskatuz gutuna bidali diote Goizueta, Arano, Areso, Leitza, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Guraso Elkarteetako presidenteek Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari.

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariari,
Leitzako Amazabal BHI Institutuko familiek gutun bat jaso dugu ikastetxetik, eta esaten zaigu, datorren ikasturtetik aurrera, inguruko herrietatik DBHko bigarren zikloa egitera joaten diren ikasleek ez dutela izango dirulaguntzarik jantoki zerbitzurako.

Gai hau nondik datorren ez dakizuenontzat, esango dizuegu DBHko ikasketak Amazabal BHI institutuan egiten dituzten ikasle garraiatuek asteko lau egunetan ordubete zain egon behar izaten dutela eguneko eskolak bukatu eta gero, Batxilergokoekin partekatzen baitute autobusa, eta horiek astean lau saio gehiago egin behar izaten dituzte (D ereduan bakarrik gertatzen da hori, ez besteetan). Eta, hain zuzen, zintzilik gelditzen den ordu horretan eskaini izan zaie jantoki zerbitzua DBHko ikasleei.

«DBHko eta Batxilergoko ikasle garraiatuek autobusa partekatzen dutenez, asteko lau egunetan DBHkoek ordubetez zain egon behar izaten dute. Tarte horretan eskaintzen zaie jangela zerbitzua» 

Azpimarratu behar da, gainera, gure seme-alabak goizeko 07:15-07:30ean hartu behar izaten dutela derrigorrezko ikasketak egiteko autobusa, eta ia arratsaldeko 16:00etan iristen direla bueltan etxera.

Egoera hori kontuan hartuta, Hezkuntza Departamenduak dirulaguntzak eman izan ditu jantoki zerbitzurako, besteak beste adin horretan garrantzi berezia hartzen duelako ongi elikatzeak, garai erabakigarria baita ikasleen hazkundean.

Amazabal BHI institututik bidali diguten gutunean, ordea, esaten zaigu utzi egingo diotela laguntza horiek emateari, eta bi argudio erabiltzen ditu hori zuritzeko: Nafarroan gurea dela laguntza hori jasotzen duen ikastetxe bakarra, eta gure ikastetxea dela DBHko eta Batxilergoko ordutegiak bateratuta ez dituen institutu bakarra. Lehenik eta behin, ordutegiaren inguruko baieztapena ez da egia, ez gara bakarrak DBHrako ordutegi bat eta Batxilergorako beste bat duena. Hori oso erraz egiaztatu daiteke hainbat instituturen web-orrietan begiratuta, adibidez Iturrama eta Biurdana institutuen webguneetan sartuta: ordutegi desberdinak dituzte (astean lau saio gehiago Batxilergoan).

«Eskola orduak luzatzeari erantsi behar litzaioke, nerabe askok eskolarako joan-etorrian ematen duten denbora»

Institutu gutxi batzuetan bai, ordutegi berbera dute DBHkoek eta Batxilergokoek, Berako Toki Ona BHIan adibidez, baina hori, gure ustez, zentzugabekeria bat da. Hezkuntza Departamendua planteatzen ari da, Batxilergoa D ereduan egiten dutenek bezala, DBH egiten dutenek ere astean lau ordu gehiago sartu beharko dituztela. Eskola orduak luzatzeari erantsi beharko litzaioke, gainera, nerabe askok denbora luzea egin behar izaten dutela errepidean etxetik eskolarako joan-etorriak egiteko (60 minuturaino iristen da zenbait ikaslerentzat).

Bestalde, ongi dakigu jantoki zerbitzurako jaso izan dugun dirulaguntza ez dela ohikoa Nafarroan, baina, era berean, iruditzen zaigu gure errealitatea ere ez dela ohikoa, eta bereziki gure herri txikietako gazteek egunero bizi dutena (ordu luzeak errepidean, eskolaz kanpoko jarduera gutxi beren herriguneetan...). Horien bizi-kalitatea askoz ere apalagoa da Nafarroako beste gazte askorena baino; denek ez dute hainbeste denbora egin behar errepidean, horrek dakarren arrisku erantsiarekin. Hemendik aurrera, gainera, horietako askok ogitartekoekin edo tupperrekin jan behar badute, desberdintasuna are handiagoa izango da.

Ikastetxeak irtenbide bat eskaini die familiei, jantoki zerbitzuarekin jarraitzea inolako dirulaguntzarik gabe, eta hiru aukera jarri dizkie eskura: urtean 900 euro baino gehiago ordaintzea astean lau egunez otordua egiteagatik; 500 euro inguru ordaintzea bi egunez otordua egiteagatik (eta beste bi egunetan etxetik ekartzea bazkaria); edo egunero etxetik eramatea otordua, eta harrigarri bada ere, horretarako ere kuota bat eskatzen zaigu.

«Familia askorentzat ezinezkoa izango da hilean 100 euro ordaintzeaberen semeak edo alabak jantokian jan dezan»

Une hauetan jasaten ari garen osasun krisiak eta krisi ekonomikoak nola astindu gaituen ikusita, eta jakinik hurrengo hilabeteetan egoerak segur aski okerrera egingo duela, bereziki egoera ekonomiko txarrenean dauden familientzat, sinesgaitza iruditzen zaigu Hezkuntza Departamenduak laguntza mota hori kendu nahi izatea une hauetan. Ongi ezagutzen dugu gure inguruko errealitatea, eta badakigu familia horietako askorentzat ezinezkoa izango dela hilean 100 euro ordaintzea beren semeak edo alabak jantokian jan dezan; hori dela eta, Departamenduari eskatzen diogu atzera egin dezala. Era berean, eskatzen diogu kontuan har dezala gure herriak inguru oso berezian daudela eta, ondorioz, neurri bereziak har ditzala, landa eta mendi inguruetako beste eremu batzuetarako egiten den bezala.

Sinatzaileak: Juan Jose Indakoetxea, Goizueta eta Aranoko Guraso Elkarteko presidentea. Aitziber Irazu Matxinandiarena, Araitz eta Beteluko Guraso Elkarteko presidentea. Maite Zubillaga Beunza, Larraun eta Lekunberriko Guraso Elkarteko presidentea. Mikel Mihura Azpilicueta, Leitzako Guraso Elkarteko presidentea.  Beatriz Muro Martinez, Aresoko Guraso Elkarteko presidentea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun