Gero eta gehiago dira, etxean bere maskara propioak egiten ari direnak; eta herritarrei lan hori errazteko, materiala jarri dute haien eskura, Goizuetan. Oihal berezi batzuk eta gomak eman dizkio herritar batek Goizuetako Udalari, eta estankoan eskatu daitezke.
Etxe bakoitzeko, poltsa bana eskatu daiteke, eta bost oihal eta bi goma daude poltsa bakoitzaren barruan. «Baliteke gomarik gabeko poltsak egotea, hala ere, ez baitago oihal adina goma».
Tissu berezi batekin egindako oihaltxoak dira herritar horrek emandakoak, biodegradagarriak eta hidrosolubleak.
Maskak nola egin jakiteko, bideoa ikusgai
Material horrekin, erraza da maskarak egitea. Nola egin erakusteko, bideoa jarri du Goizuetako Udalak, bere web orrian (goizueta.eus), maskaren materialaren albistearekin batera. Bideoa ikusteko, egin klik hemen.
Emandako oihala bi ertzetatik tolestu (dagoeneko eginda dituzte tolesdurak) behar da, eta bakoitzean goma bana jarri, belarrietan lotu ahal izateko. 15-20 segundoko lana da.
Maskara hauek erabiltzeko gomendioak ere eman ditu Udalak: leku itxietan edo 2 metroko tartea mantentzerik ez dagoen lekuetan erabili; garbitu eskuak erabili aurretik eta ondoren; ongi estali ahoa eta sudurra, maskara eta aurpegiaren artean tarterik utzi gabe; gomatik hasita kendu; aldatu heze dagoenean edo hondatzen denean; ez ukitu aurrealdea, eta ukituz gero, eskuak garbitu. «Argi izan ez dela babes ekipamendu bat, baina kutsaduraren hedapena mugatzen du. Maskara erabiltzeaz gain, eskuak ongi garbitu eta segurtasun distantzia mantendu», dio Goizuetako udalaren oharrak.