Koronabirusa

Leitzako kiroldegiko kuotak itzuliko dizkiete erabiltzaileei

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 9a, 13:00

Anikote udal enpresak kudeatzen du Leitzako kiroldegia.

Urteko kuota ordaindua edota helbideratua dutenei kiroldegia itxita egonen den denborari dagozkien hileroko kuotak urte amaiera baino lehenago itzultzea erabaki du Anikote udal enpresak.

Koronabirusaren ondorioz, martxo erdialdean kiroldegia  eta Amazabal pilotalekua itxi behar izan zituen udalak. Horren ondorioz, ikastaroak aldi baterako bertan behera gelditu dira baita herriko kirol hitzordu guztiak ere. Erabiltzaileek zerbitzuaz gozatzerik izan ez dutenez, urteko kuota ordaindua duten erabiltzaileei kiroldegia itxita egon den denborari dagozkien hileroko kuotak urte amaiera baino lehenago itzultzea erabaki du Anikote udal enpresak. Ikastaroei dagokienez berriz, galdutako klaseen proportzioa ekainean itzuliko da, nahiz eta hasiera batean denei kobratu. 

Etxean bai, baina geldirik ez

Kalean edo kiroldegian kirola egiteko aukerarik ez denez, etxean gorputza mugitzeko hainbat proposamen eskaintzen ari dira Anikoteko arduradunak sare sozialen bidez: pilatesa, aerobika, luzaketak, gorputza indartzeko hainbat ariketa... bakoitzak bere gaitasunetara egokitu eta ez dago aitzakiarik!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun